Patinetan ibiltzen ikasi edo teknika hobetu nahi duten haurrentzat eta helduentzat ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak. Otsailetik maiatzera bitartean egingo dituzte saioak, hilero. Taldeak mugatuak izango dira, eta saioetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da patinak eta kaskoak eramatea.
Lau talde osatuko dituzte: helduenak bi, hasi berriena eta patinetan ondo moldatzen direnena; eta Lehen Hezkuntzako ikasleenak beste bi, adinaren arabera eratuak. Orotara, hamabi saio izango dira, honako egun hauetan: otsailak 15 eta 16; martxoak 8, 9, 15 eta 16; apirilak 5, 6, 26 eta 27; eta maiatzak 10 eta 11.
Heldu hasi berrientzako taldeak 10:00etatik 11:30era izango dituzte saioak, eta patinetan ondo moldatzen diren helduek, berriz, 11:30etik 13:00etara izango dituzte hitzorduak. Haurrek, bestalde, arratsaldeetan izango dituzte saioak: LH 1etik LH 3ra bitarteko haurrek 17:00etatik 18:30era; eta LH 4tik eta LH 6ra bitartekoek, 18:30etik 20:00etara.
Izena igerilekuaren eraikinean eman beharko dute herritarrek; Kirol Patronatuko bazkideek 79,2 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, 128,7 euro.