Janus Lester eta Nabasi musika taldeek kontzertuak eskainiko dituzte zapatuan, Sanagustin kulturgunean. 21:30ean hasiko dira emanaldiak, eta sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke, hamasei eurotan.
Janus Lesterrek Lore izeneko disko berria aurkeztuko du jendaurrean –taldearen bigarren lana da–. Jokin Pinatxok sortutako taldea euskal musikagintzaren puntan dabil, 2022an Beran (Nafarroa) sortu zutenetik. Pinatxo da taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea, baina harekin batera izango dira agertokian Garazi Esnaola (teklatua), Mattin Arbelaitz (bateria), Julen Suarez (tronpena), Andoni Arriola (tronboia), Julen Barandiaran (baxua) eta Javier Echarri (gitarra).
Nabasi, berriz, Zarauzko taldea da. Talde horrek iazko urrian kaleratu zuen diskoa; Lahar izenekoa. Emo eta posthardcore doinuak jaso zituzten lan horretan, eta larunbatean horiexek eramango dituzte Sanagustingo agertokira. 2019an sortutako taldeko kideak dira Lander Azkue (gitarra eta koruak), Patino (bateria), Ion Ferrera (ahotsa eta gitarra) eta Iñigo Azkue (baxua).