LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako hamabi greba egunetatik aurrena da gaurkoa. Irakasleak daude gaurko eta biharko grebara deituta, eta ikastetxeetan nabarmena izan da erantzuna. Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolan, esaterako, irakasleen %60k egin du bat deialdiarekin; Urola Ikastolan, berriz, %42k. Deialdia dela eta, gutxieneko zerbitzuak jarri ditu Eusko Jaurlaritzak han eta hemen.
Gaurko eta biharko greba egunez gain, otsailaren 26an eta 27an ere lana uztera deituta daude irakasleak. Horiez gain, Haurreskolen Patzuergoko beharginak greba egitera deituta daude urtarrilaren 28rako eta 29rako zein otsailaren 12rako eta 13rako. Bestalde, hezkuntza alorrean sukaldean eta garbiketan aritzen diren langileak deitu dituzte grebara urtarrilaren 30erako eta 31rako nahiz otsailaren 19rako eta 20rako.