Ostiralean hasita ospatuko dituzte Santa Ageda jaiak Matxinbentan

Andoni Elduaien 2025ko urt. 27a, 08:53

Matxinbenta auzoa, iaz, Santa Ageda bezpera egunean. (Ane Olaizola)

Hiru urteko etenaren ondoren, iaz ospatu zituzten Matxinbentan Santa Ageda jaiak, eta festek izan zuten erantzuna ikusita, aurten ere antolatzea erabaki dute. Ostiraletik igandera bitartean askotariko ekintzak izango dira, eta otsailaren 5ean, Santa Ageda egunez, agurtuko dituzte jaiak.

Iaz bezala, aurten ere Santa Ageda jaiak ospatuko dituzte Matxinbentan. Aurrez, baina, hiru urteko etena izan zuten festek, batetik pandemiak, eta bestetik, antolatzaile faltak eraginda. Ordea, ostiral honetan hasi eta asteburu guztian askotariko ekintzak izango dira aukeran han, hala nola mus txapelketa, umeentzako aisialdiko ekintzak, bertso afaria, pilota partidak eta herri kirolak.

Zapatu gauean Beheko Tabernan egingo dute bertso-afarirako izena eman beharko da aurrez. Tabernan bertan edota 943 88 63 15 telefono zenbakira deituta eman beharko da afaritarako izena. Hona hemen Matxinbentako Santa Ageda jaietako aurtengo egitaraua:

Urtarrilak 31, ostirala:

  • 22:00etan, mus txapelketa Beheko Tabernan. Izen-ematea, 21:00etatik 21:45era, tabernan bertan.

Otsailak 1, zapatua:

  • Festen hasiera suziriekin.
  • 16:30ean, umeentzako jolasak auzoko frontoian.
  • 17:00etan, txokolatada.
  • 18:00etan, Iagomagoren magia ikuskizuna auzo eskolako lokalean.
  • 21:00etan, bertso-afaria Beheko Tabernan, trikitilariek lagunduta: Jexux Mari Irazu eta Unai Izagirre arituko dira bertsotan, eta Garixe-Maltzeta bikotea trikitiarekin zein panderoarekin.

Otsailak 2, igandea:

  • Suziriak.
  • 10:00etan, Beasaingo (Gipuzkoa) txistulariak.
  • 11:00etan, meza.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • 11:30ean, eskuzko pilota partidak, Beasaingo eta Azpeitiko pilota elkarteetako kideen artean.
  • 12:30ean, herri kirolak. Mikel Larrañaga, Joxe Ugarteburu eta Unai Etxeberria Osinalde ariko dira aizkoran, eta Olaia Esnaola harri jasotzen. Herri kirolariak lanean hasi eta bazkalostera artea, Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko dute auzoa.

Otsailak 5, asteazkena:

  • 11:00etan, meza Azpeitiko koruarekin.
  • Ondoren, hamaiketakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide