Azpeitiko Udala gaur hasi da Garmendi auzuneko oinezkoentzako zubia aldatzeko lanekin. Erakundeak azaldu duenez, orain arte erabilgarri izan den altzairuzko zubia "zaharkituta" zegoelako ordezkatuko dute. Zubi berria muntatzeko lanek hilabete inguru iraungo dutela jakinarazi du udalak.
Aurrena zubi zaharra kenduko dute –horretan aritu dira gaur, esaterako–, eta zimentuak berrituta, zubi berria jarriko dute haren lekuan. Gainera, inguruan urbanizazio lanak gauzatuko dituzte. Landeta Burdinlanak enpresa arduratuko da zubi berria egiteaz.
Lanak amaitu bitartean, eta segurtasuna bermatzeko xedez, zubiaren parean itxi egingo dute bidegorria. Horrenbestez, Euskal Herria auzotik bideratuko dituzte oinezkoak nahiz bizikletaz doazen herritarrak. Hain zuzen, Uztaro haurreskolaren ondotik jaitsi ahal izango dute herritarrek berriro bidegorrira.