Sanjuandegiko Baigera II taberna-jatetxea kudeatzeko lehiaketa publikoa abiatu du udalak

Iraia Oteiza 2025ko urt. 23a, 09:30

Baigera II erretiratuen egoitzako taberna-jatetxea kudeatzeko interesa duen orok bere proposamena aurkez dezake otsailaren 10era arte.

Salbe auzuneko Baigera II erretiratuen egoitzako taberna-jatetxearen kudeaketa lehiaketa publikora atera du Azpeitiko Udalak. Taberna-jatetxe hori kudeatzeko interesa duen orok bere proposamena aurkezteko aukera izango du otsailaren 10era bitartean.

Gutxieneko ordutegia izango du tabernak; 09:30etik 21:00etara irekita egon beharko du, astelehenetik igandera bitartean. Ordaindu beharreko gutxieneko hileko kanona 300€ + BEZ izango da, eta ohiko jarduneko gastuak bere gain hartu beharko ditu esleipendunak. Esleipena gehienez lau urterako izango da –bi urteko elsleipena eta beste bi urtez luzagarria–.

Inguruarekin eta ekipamenduaren ezaugarriekin bat datorren zerbitzua eskaini beharko du, bezeroei euskaraz eman beharko die arreta, bertako produktuak eskaini beharko dira eta adinekoentzako Baigerako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako tarifak aplikatu beharko dira. Horretaz gain, legea betez, besteak beste, adin txikikoei ezingo die alkoholik saldu, ezingo da erre, prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai izan beharko ditu eta erreklamazio orriak eskura izan beharko ditu.

Esleipenaren oinarriak honako lotura honetan kontsulta daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide