Maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren Euskaraldia, Elkar mugituz egingo dugu lelo hartuta, eta pixkanaka, eskualdeko herriak hasi dira izena ematen eta lantaldeak martxan jartzen. Azpeitian, esaterako, zehaztuta dute aurreneko bilera irekia: otsailaren 19an egingo dute lehen herri batzarra, 18:00etan hasita, Basazabal jauregian.
Patxi Saez Azpeitiko Udaleko euskara teknikariak jakinarazi duenez, bitartean, "sukaldeko lana" ari dira egiten, eta koordinatzailea ere martxan dela azaldu du. Aitziber Besga izango da arduraduna. Aurten lehenengo aldiz, Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean aukeratu dute koordinatzailea.
Aurtengo berrikuntza
Bi urteko hutsunearen ondoren, Euskaraldiaren helburu nagusia da egitasmoarekin lortzen diren hizkuntza ohiturak berreskuratzea, eta elkarguneak sortuta, jendea euskararekin eta euskalgintzarekin lotzea.
Aurtengo berrikuntza nagusia Euskaraldia Hika egitasmoa izango da, eta herri bakoitzak aukeratuko du horretan parte hartu hala ez. Baietz erabakitzen duten herrietako lagunek, izena ematean, aukera edukiko dute horretan ere parte hartzeko. Parte hartzea erabakitzen duen herritarrak H hizkia duen pegatina bat itsatsiko du ahobizi edo belarriprest txapan. Hala, herritarrek jakingo dute pertsona horiekin hika egin dezaketela.
Azpeitian, adibidez, eman dute izena Euskaraldia Hikan ere. Badute horretan esperientzia; izan ere, aurreko Euskaraldian herri batzuek beren kabuz erabaki zuten Hikaldia egitea, tartean Azpeitiak. Orduko egitasmoa "lehen pausoa" izan zela uste du Saezek, eta herrian harrera "oso ona" izan zuela. "Gurea bezalako herri euskaldunetan bestelako erronkak behar direla uste dut, eta hitanoarena bada, batez ere nokaz jardutea".
Hasitako bide horrek nora eramango dituen ez dakien arren, horri jarraitu behar zaiola uste du. "Aurtengoan Taupak berak txertatu du Hikaldia Euskaraldiaren barruan, ariketa osagarria izan daitekeela ikusi duelako, eta herrian badugu hitanoarekin lotutako ekintzaren bat egiteko asmoa", aurreratu du. Hori bai, Saezek uste du ez dela bistatik galdu behar Euskaraldiaren helburu garrantzitsuena: "Helburu nagusia da ahalik eta belarriprest gehien gerturatzea Euskaraldira, eta hori ez dugu ahaztu behar", nabarmendu du.