Hiruma, Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeek lankidetzan garatzen duten proiektu turistikoaren izendapen berria, gaur aurkeztu dute Madrilen egiten ari diren Fitur nazioarteko turismo azokan.
Azpeitiko Udalak Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez parte hartzen du Hiruman. Fiturren, Urola Erdiko eskaintza turistikoak Iraurgi Berritzenen eskutik izan du bere txokoa Euskadi Basque Country standean. Gaurko aurkezpenean, Leire Goenaga eta Mikel Odriozola zinegotziek ordezkatu dute Azpeitiko Udala.
Udalak eta Iraurgi Berritzenek azaldu dutenez, Hirumaren helburua da "hiru eskualdeetako turismoa kanpo merkatuetan modu bateratuan proiektatzea, hiru zutabetan oinarrituta: natura, ondarea eta produktu lokala, gastronomia, euskara, euskal identitatea eta jasangarritasuna ardatz transbertsal moduan dituela".
Urola Grand Tour
Baina Hiruma ez da Azpeitiari eta Urola Erdia bailari lotuta Fiturren aurkeztu duten berrikuntza bakarra.
Izan ere, Urola Grand Tour proposamen turistikoa ere eraman dute azokara, "Euskadi Basque Country Grand Tour produktuari lotuta proposamen turistikoa da, eta haren funtsa da eskualdeko txoko desberdinak errepidez bidaiatuz ezagutzera ematea, geldiuneak eginez. Euskadi Basque Country Grand Tour produktu zabalak duen filosofiari jarraituz eta produktu horren barruko bigarren etapari –Lekeitio-Zarautz– zuzenean lotura eginez sortu da proposamena", azaldu du udalak.