Huhezinemaren XVIII. edizioa egin dute azken egunotan Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta atzo borobildu zuten aurtengo aldia sari banaketa ekitaldiarekin. Guztira, zortzi sari banatu zituzten, eta eman gabe gelditu ziren Mundukide eta HAZI sariak. Markel Azpeitiak Ikasleen Sarietako bat etxeratu du. Hain zuzen, MU Saria irabazi du Azpeitiak, hark zuzendutako Erlojuaren orratzak ikus-entzunezkoarekin. Egileak azaldu duenez, ez zuen espero saria jasotzerik, eta "oso pozik" hartu zuten berria hark nahiz gainerako kideek: "Guk ez genuen espero saria jasoko genuenik, baina ematen duenez epaimahaiko kideei nahiz ikusleei asko gustatu zaie, eta zortedunak izan gara".
Erlojuaren orratzak ikus-entzunezkoa irakasleei edo era batera edo bestera jakintza transmititzen duten pertsonei egindako omenaldia da. "Gure bizitzan ditugun irakasleei egindako omenaldia da ikus-entzunezkoa, haiek ematen diguten jakintza eta lekukoa ezinbestekoa baita bizitzan aurrera jarraitzeko. Gainera, guztioi iritsiko zaigu besteentzat maisu izateko unea, eta lekukoa pasatzekoa. Transmisio hori irudikatu dugu gure istorioan", azaldu du Azpeitiak.
Eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuaren parte izan diren guztiei, ikusleei nahiz epaimahaiko kideei. Aitor Oñederra, Maitane Carballo eta Katty Pochelu izan dira epaimahaikideak.
Guztira, 94 lan aurkeztu zituzten Huhezinemaren XVIII. edizioan, eta horietatik 29 proiektatu dituzte: hamahiru Bideoklip Sailean, zortzi Ikasleen Sailean eta beste zortzi Sail Ofizialean.