Jende ugari elkartu da beste behin sokamuturraren bueltan

Maialen Etxaniz

Haizea iragarrita zegoen arren, eguraldia ez da aitzakia izan, eta jendetza atera da kalera urtarrileko bigarren sokamutur saiora. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak atera dituzte gaurkoan. 

San Sebastian festetako saioen ostean, gaur, igandez, sokamuturra izan da berriro ohiko ibilbidean. Eskualdean hainbat ekitaldi utzi dituzte bertan behera iragarritako haize alertagatik, baina Azpeitian ez da hainbeste nabaritu, eta eguraldia ez da aitzakia izan jendea etxean gelditzeko. Hori dela eta, ohi bezala jendetza elkartu da sokamuturraren bueltan. Gaurkoan, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak atera dituzte Azpeitiko kaleetara, eta giro polita sortu da horien bueltan.

San Sebastian egunean bezala, sustoren bat edo beste izan da; izan ere, sokamuturra Errebalean zela jendearen babeserako jarritako egurrezko hesi bat hautsi du zezenak, baina ez da ezer larririk pasatu.  

Hurrengo sokamuturra karnabaletan izango da. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide