Etxean punturik gabe eta kanpotik bakarra ekarrita gelditu dira Lagun Onaken talde nagusiak

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 27a, 15:13

Aner Gomez, Lagun Onak-Alaves C partidaren une batean. (Lagun Onak)

Gizonak zein emakumeak aurretik ibili ziren markagailuan, baina Alaves Ck saririk gabe utzi zuen Riberaren taldea Garmendipen (1-2); eta Oiartzunen, etxeko taldeak azken txanpan berdindu zuen (1-1).

Hartutako abantailari ezin izan zioten eutsi Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek azken jardunaldian. Gizonak zein emakumeak aurretik ibili ziren markagailuan, baina Alaves Ck saririk gabe utzi zuen Riberaren taldea Garmendipen (1-2); eta Oiartzunen, etxeko taldeak azken txanpan berdindu zuen (1-1).

Hirugarren Mailan, etxetik kanpoko lehen garaipena lortu zuen Azpeitian Alaves Ck, eta segidan bigarren porrota pilatu zuen Lagun Onakek. Barkatzen duenak garesti ordaintzen duela da kirolaren legeetako bat, eta halako zerbait gertatu zitzaion zapatuan Garmendipen Lagun Onaki. Lehen zatian jokoan nagusi izan ziren Riberaren gizonak. Aukera garbi askoak ere izan zituzten, nabarmenena 10. minutuan: jokaldi berean, lau gol aukera izan zituzten etxekoek, tartean langara eta zutoinera baloi bana botata. Hala ere, golik gabe bukatu zen lehen zatia, baina bigarrenean lortu zuen bere helburua, azkenean, Lagun Onakek: 60. minutuan, Unax Odriozolak denboraldiko bere bosgarren gola egin zuen, Alex Letamendiak ezker hegaletik erdiratutako baloia trabarik gabe sareratu ondoren. Partida maldan bera jarri zitzaion, azkenean, etxeko taldeari, baina bai zera. Bost minutu besterik ez zion iraun pozak Riberaren taldeari: 65. 1-1ekoa egin zuen Iñaki Saenzek; eta 80.ean iritsi zen Alavesen bigarrena, Iñaki Alberoaren eskutik. Hortik bukaerara itsu-itsuan aritu zen Lagun Onak berdinketaren bila, baina ondo eutsi zion Arabako taldeak.

Hemeretzi jardunaldi jokatuta, goitik zein behetik alde beretsura dago Lagun Onak: sailkapenaren hamargarren tokian, 25 puntu ditu eta zazpira ditu bai igoera play-offerako postuak, baina jaitsierakoak. Datorren asteburuan berriro Garmendipen jokatuko dute Riberaren gizonek (zapatuan, 17:00etan) eta, hain zuzen ere, jaitsiera postuetan dagoen Padura izango dute aurkari.

Hirutik bakarra, azkenean

Ohorezko Erregional ligan sailkapenean gorago dagoen Oiartzun Bri egin zion bisita Lagun Onakek. Datu bakar hori kontuan hartuta, bukaerako 1-1ekoa eta eskuratutako puntua ez leudeke gaizki, baina ia eskura zituen hiru puntuetatik bik azken txanpan ihes egin zioten Arrondoren taldeari, eta aho zapore.

Eguraldi txarrak eta zelaiaren egoera are kaskarragoak baldintzatutako partida izan zen Lagun Onaken emakumeek Oiartzunen jokatutakoa. Bi taldeek izan zituzten lanak nahi zuten jokoa garatzeko; partida narratsa izan zen, eta aukerei dagokienez ere paretsu ibili ziren bi taldeak. Gauzak horrela, bukaerako berdinketa ez zen harritzekoa izan, baina Lagun Onakek partida irabaz zezakeela pentsatu zuen minutu luzez. Bigarren zatiaren hasieran iritsi zen, izan ere, Maria Sorazuren gola; eta bukaerarako bost minutu falta zirela eta kontraeraso batean, berriz, Oiartzungoen berdinketa.

Lagun Onak hamargarrena da orain sailkapenean, 22 punturekin. Datorren asteburuan, Garmendipen, Antiguoko liderraren kontra jokatuko dute ligako hamazazpigarren jardunaldiko neurketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide