Zabalik da helduen eskolan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2025ko urt. 28a, 08:08

Azpeitiko helduen eskolaren sarrera. (Azpeitiko Udala)

Alfabetatzeko, DBHko titulua eskuratzeko eta gaztelania ikasteko eskolak emango dituzte ikasturte berrian. Otsailaren 6a arte eman ahal izango da izena EPA-HHIren Azpeitiko egoitzan.

Atzo ireki zuten urte berrirako izen ematea Urola Kosta eskualdeko herritarrek EPA-HHI Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroan, eta otsailaren 6ra arte egongo da zabalik. Alfabetatzeko, DBHko titulua eskuratzeko eta gaztelania ikasteko eskolak emango dituzte Azpeitiko helduen eskolan.

Azpeitiko herritarrek Zarauzko helduen eskolan ere egin dezakete matrikula, eta han alfabetatzeko, DBHko titulua eskuratzeko, euskara, gaztelania, ingelesa eta informatika ikasteko eskolak emango dituzte.

Izena emateko edota ikastaroen informazioa eskuratzeko ordutegiak honakoak dira. Urtarrilaren 31ra arte 10:00etatik 13:00etara eta otsailaren 3tik 6ra bitartean, 15:00etatik 19:00etara.

Azpeitian, La Milagrosa ikastetxea zenaren eraikinean dago gaur egun EPA-HHIren egoitza, San Martin estratan. Izena eman nahi dutenek hara jo dezakete, edo bestela, 943-81 22 03 telefono zenbakira dei dezakete. Zarauzko helduen eskolako telefono zenbakia, berriz, 943-13 00 13 da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide