Javier Jauregi: "Telesail berri honetan lan egitea exotikoa iruditu zait"

Iraia Oteiza 2025ko urt. 30a, 10:06

Javier Jauregi ile apaintzailea. (Utzitakoa)

Wycaro zientzia fikziozko telesail estatubatuarra grabatu dute Getarian. Javier Jauregi ile apaintzailea arduratu da hango protagonistak orrazteaz.

Vince Gilligan gidoilari eta zuzendari estatubatuarraren Wycaro izeneko telesailaren sekuentzia batzuk grabatu dituzte Getarian. Hiru astez aritu dira grabazio lanekin Askizu auzoko Iturriaga hotelean, eta datorren urtean ikusiko du argia zientzia fikziozko telesail berriak. Javier Jauregi (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa, 1968) Azpeitiko Kimetz ile apaindegiko nagusia arduratu da telesaileko protagonistak orrazteaz.

Vince Gilligan ospetsuaren telesail berriko lantaldean aritu zara ile apaintzaile lanetan. Nolatan?

Aurretik ere lan egin izan dut beste film batzuetarako, baina egia da ez dudala epe luzeko lanik onartzen, Azpeitian eta Eibarren [Gipuzkoa] ile apaindegiak dauzkadalako eta horietan ere lan egin behar izaten dudalako. Film baten grabaketa hiru bat hilabetez luza daiteke, eta denbora asko da niretzat; ondorioz, lan batzuei uko egin behar izan diet.

Oraingo honetan, baina, telesail berri honetan lan egitea exotikoa iruditu zait. Bezeroei esaten hasi nintzen Breaking bad telesaileko zuzendariak deitu zidala bere telesail berrian ile apaintzaile lanak egiteko, eta denak harrituta geratu ziren. Telesail ospetsu hori ikusi gabe neukan, eta ez nion eskaintzari garrantzi berezirik eman, baina konturatu nintzen proiektu garrantzitsu baten aurrean nengoela eta onartu egin nuen. Gerora askotan esan izan didate harro egoteko modukoa dela telesail berri horretan lan egin izana.

Ile apaintzaile lanak egiteko zurekin harremanetan jarri ziren, ala castingen batean parte hartu behar izan zenuen?

Beraiek jarri ziren nirekin harremanetan; nik ez nuen inolako frogarik egin. Ez dakit nondik nora pentsatu zuten nirekin harremanetan jartzea ere, ideiarik ez daukat nork gomendatu zien nire lana. 400 pertsona pasatxoko lantaldea dago telesailaren atzean, eta azkenean nire berri nolatan izan duten jakin gabe geratu naiz.

Estatu Batuetan hasi ziren telesaila grabatzen, eta gero Espainiara lekualdatu ziren, Palmara. Han beste ekoiztetxe bat kontratatu zuten, Espainiako lantaldea antolatzeko. Pentsatzen dut Espainiako talde horretatik aterako zela nire izena, eta halaxe jarriko zirela nirekin harremanetan. Norbaitek ongi hitz egingo zien nonbait.

Zehazki zein lekutan aritu zara zu lanean?

Getarian aritu naiz lanean, Askizu auzoan. Iturregi hotelean grabatu ditugu sekuentziak, hotelaren barrualdean zein kanpoaldean. Eguraldiak baldintzatu egin ditu zenbait kontu eta inprobisatu beharra ere izan dugu. Kanpoaldean grabatu nahi genituen hartualdi batzuk hotelaren barrualdean grabatu behar izan ditugu.

Nolakoa izan da zuretzat telesailaren grabazio egun bat?

Orain arte film xumeagoetan egin izan dut lan, gehienbat espainiarretan, baina telesail honetan dena handi eta ikusgarri egiten dute. Britainia Handiko matrikula zuten hamabost bat karabana handi ekarri zituzten Getariako kirol portura; horietako batean ile apaindegia zegoen, bere konketa, ispilu eta guzti, beste batean makillatzeko gela, besteetan aktoreak erlaxatzeko kamerinoak...

04:00etan hasten ginen lanean, egunero; nonbait estatubatuarrak oso goiz hasten dira grabazioekin. Ordu horretarako Zumaian egon behar izaten nuen, eta handik Madrildik propio ekarritako furgoneta batzuetan hurbiltzen ginen Getariara. Gero han asko luzatzen ziren grabaketak; hamabi edo hamalau orduz aritzen ginen egunero beharrean. Guztira hiru aste iraun zuen nire egitekoak.

Zientzia fikziozko telesaila izanda, protagonistei nolako orrazkerak egin behar izan dizkiezu?

Diseinatzaileentzat ere lan egindakoa naiz, eta antzekoa izan da proiektu hau ere. Hasieran telesailaren inguruko liburuxka bat erakutsi zidaten, telesaila zer garaitan inspiratuta dagoen jakiteko eta orrazkerak ere garai hartara moldatu ahal izateko. Folio baten neurriko kartoizko irudiak jartzen zizkidaten ispiluen alde banatan, eta nik han ikusitakoa kalkatu behar izaten nuen. Estatu Batuetatik probak eginda eta ideia garbiekin etorri ziren, eta orrazkera berberak egitea zen nire lana. Gero, grabazioek iraun bitartean, orrazkerak konpontzen aritzen nintzen. Trentzak eta orrazkera naturalak egin behar izan nituen gehienbat.

Zaila egin al zitzaizun orrazkera horiek egitea?

Ez, bereziki. Orrazkera sinpleak ziren gehienak, eta ileko plantxa hartu eta ia egunero ile apaindegian egiten ditudan lanak egitea egokitu zitzaidan. Zailagoa izan zen ileordeak jartzea, egiazkoak eman behar zutelako.

Gernika filmean ere lan egiteko aukera izan nuen, eta esaten ausartzen naiz hura izan dela ikus-entzunezkoei lotuta gehien disfrutatu dudan egitekoa. Garai hartan inspiratutako orrazkerak egin behar izan nituen, orrazkera landuak ile bilduarekin, nire gogokoenak. Nabarmentzen diren orrazkerak egitea gustatzen zait, egiteko zail samarrak direnak.

Baina orraztea baino askoz zailagoa egin zitzaidan grabazio uneetan geldirik eta isilik egotea. Nahiko hiperaktiboa naiz, eta lan handia da niretzat hamahiru-hamalau bat orduz isilik egon beharra.

Une gogorrak bizitzea ere egokitu zitzaizun, orduan.

Bai. Otordu garaiak ere nahiko txarrak izaten ziren. Zutik jan behar izaten genuen, paperezko ontzietan eta xelebre samar; ia bi kilo argaldu nintzen horregatik. Goizeko ordu horietan jaikita eta gaizki janda, momentu zaila izan zen niretzat. Telesaileko lantaldeak esan zidanez, erabat lan horretan murgilduta dabilenak ez du bikotekiderik izaten, bateraezina delako.

Etorkizunera begira, halako beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Momentuz, ez. Ile apaindegiek ematen didate niri jaten. Egia da nire produktu batzuk ere merkaturatu ditudala, eta horiek ezagutarazten ere banabil zenbait ile apaindegitan eta belar dendatan. 38 urte kotizatu ditut jada, eta horrekin nahiko nuke erretiroa hartzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide