Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibak Arkupehotsak egitasmoaren zazpigarren edizioa jarri du martxan. Musika sortzaile berrien plaza izatea da proiektu horren helburua; Kulturazen arabera, "musikaren eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta hori plazaratzea" dira proiektuaren lan ildo nagusiak. Hori horrela, formazio teknikoa eta artistikoa jasotzeko nahiz kontzertu bat eskaintzeko aukera izango dute aurtengo edizioan parte hartuko duten taldeek eta bakarlariek. Kitziki, Rekiem, Karena eta Pertz taldeek parte hartuko dute aurten Arkupehotsak egitasmoan.
Musikari berrien plaza izateaz gain, "sormen prozesuaren fase guztiak sustatzea" da Arkupehotsaken xedea. Horretarako, aukeratuak diren taldeek Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, entseguak egin eta zuzenekoa prestatzeko. Gainera, talde guztiek bi formakuntza saio jasoko dituzte: lehenik, teknikoa, Jon Badiolaren eskutik; eta, ondoren, artistikoa, Jon Basagurenen eta Libe Garcia de Kortazarren eskutik. Azkenik, emanaldia eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, eta egonaldiak zein kontzertuak argazkiz erregistratuko dituzte. Udaberrian emanaldi kolektibo bat eskainiko dute aukeraturiko talde guztiek Sanagustin kulturguneko arkupeko eszenatokian. Formakuntza eta egonaldia, bestalde, taldekideekin batera zehaztuko dituzte.
Talde bakoitzaren ezaugarriak
Rekiem metal eta rock doinuak lantzen dituen Azpeitiko taldea da. Duela bi urte sortu zen, eta lehen kontzertua Zarauzko Hiruputzu gaztetxean eman zuen. Ordutik, hainbat gaztetxetan eta herriko festetan eskaini dituzte zuzenekoak. Laster LP bat grabatzeko asmoa dute.
Kitziki taldeak jai giroko erromeria estiloko musika jotzen du. Duela urtebete sortu zen Elgoibarren (Gipuzkoa), eta lehen kontzertua Azkoitiko Abaraxka aterpetxean eman zuen, 2024ko martxoan. Ordutik, Elgoibarren eta Azkoitian kontzertu ugari eman dituzte.
Karena Antzuolako (Gipuzkoa) eta Hernaniko (Gipuzkoa) kidez osatutako taldea da, eta pop eta folk doinuak lantzen ditu. 2022an sortu zen taldea, eta hasiera hartan, bi urtez, euskal kantuen bertsioz osatutako kontzertuak ematen zituzten. 2024ko martxoan, ordea, lehen diskoa kaleratu zuten.
Pertz 2024. urtean Zumaian sorturiko pop-rock taldea da. Ezarritako arauak izenpean kaleratu zuten lehen lana martxoan, eta 2025ean bigarren diskoa grabatzen hasteko asmoa dute. Taldekideek Zumaiako musika eskolan ikasi zuten, eta azken urteotan hainbat proiektutan parte hartu dute: Blowing Soul, Breakkin Brokoli, Parrazta, Biderbost eta Hamarru elektrotxaranga dira horietako batzuk.