Ehun lagun inguru elkartu dira Altxa Buruaren Gipuzkoako VI. Topaketan

Ihintza Elustondo 2025ko urt. 31a, 20:00

Haurrei sakelako telefonoa emateko adina atzeratzeko helburuarekin, hainbat talde sortu dira Gipuzkoan, eta gaur horietako kide diren hainbat guraso elkartu dira Azoka Plazan egin duten topaketan. Azalpen batzuk eman ostean, hainbat dinamika egin dituzte guztien artean. Kanpaina onenaren Argia saria jaso du Altxa Buruak.

Altxa Buruak Gipuzkoako VI. Topaketa egin du gaur Azpeitian. Haurrei sakelako telefonoa emateko adina atzeratzea da kolektibo horren helburua, frogatuta baitago hainbat kalte eragiten dizkiela umeei telefonoa garaizegi emateak. Helburu horri tiraka, hainbat talde sortu dira Gipuzkoan, eta gaur horietako kide diren hainbat guraso elkartu dira Azoka Plazan egin duten topaketan, baita Azpeitiko hiru ikastetxeetako zuzendariak ere. Guztira, ehun lagun inguru elkartu dira; hasieran aurreikusi baino jende gehiago da hori, eta beraz, topaketa hasiera batean Basazabalen egitekoak baziren ere, Azoka Plazan egin dute azkenean.

Gipuzkoan, orotara, 76 talde daudela adierazi dute gaurko topaketan: 23 Donostian, lau Irunen eta 49 gainontzeko herrietan. Bizkaiko beste hiru ere batu behar zaizkie horiei, Markinakoa, Ondarroakoa eta Elorriokoa, eta horiez gain, beste bat dago Nafarroan, Leitzan. Leku horietatik guztietatik bertaratu da gaur jendea Azpeitira.

Lehenik, sarrera labur bat egin du Edurne Korta Azpeitiko Udaleko Hezkuntza teknikariak, eta, ondoren, azalpen batzuk eman ostean, hainbat dinamika egin dituzte guztien artean. Pare bat ordu iraun du topaketak, eta, ondoren, mokaduarekin borobildu dute saioa.

Hurrengo topaketa Zarautzen egingo dute; oraindik ez dute zehaztu noiz izango den.

Kanpaina onenaren Argia saria

Aipatzekoa da gaur banatu dituztela Argia sariak eta Altxa Buruak jaso duela horietako bat; kanpaina onenaren saria, hain zuzen ere. Hedabide horrek jakinarazi duenez, "seme-alabek lehen sakelako telefonoa izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak sakelakorik gabeko arnasgune izateko borrokagatik", jaso du Argia saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua egitasmoak. Proiektu horretako kide diren Miren Ros eta Izaskun de Miguelek jaso dute saria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide