Ume jolasak eta magia ikuskizuna, Matxinbentako festetan gozagarri

Ihintza Elustondo 2025ko ots. 1a, 19:06

Santa Ageda festak ospatzen ari dira Matxinbentan. Mus txapelketa jokatu zuten atzo, eta Josemi Guillaume eta Ignacio Torres beasaindarrak izan ziren garaile. Ume jolasak eta Iagomagoren ikuskizuna izan dira gaurko menuan, eta jende ugari elkartu da auzoan.

Atzoz geroztik, Santa Ageda festak ospatzen ari dira Matxinbentan. Mus txapelketarekin ekin zioten auzotarrek festei, eta gaur jarraitu dute jai giroarekin. Arratsaldean, suziriak bota dituzte, eta, ondoren, umeentzako jolasak izan dira auzoko frontoian. Lokotx biltzen, aulki jokoan... gozatu ederra hartu dute han elkartu diren dozenaka haurrek. Jarraian, txokolate beroa banatu diete umeei, eta haientzako ikuskizuna eskaini du Iagomagok eskolako lokalean. Txundituta utzi ditu mago azpeitiarrak bertaratu diren haurrak nahiz helduak.

Gauean jarraituko du festak. Ohitura den moduan, bertso afaria egingo dute larunbat gauez Beheko Tabernan. Jexux Mari Irazu eta Unai Izagirre arituko dira bertsotan, eta Garixe-Maltzeta bikotea trikitiarekin zein panderoarekin.

Musean, txapela Beasainera

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jendetsua izan zen atzo gaueko mus txapelketa. Guztira, 38 bikotek parte hartu zuten, eta Josemi Guillaume eta Ignacio Torres beasaindarrak (Gipuzkoa) izan ziren garaile. Bigarren, berriz, Haritz Agirre eta Itziar Egaña sailkatu ziren, Akoa-Itziarkoak (Gipuzkoa). Irabazleek 570 euro eta txapela eskuratu zituzten, eta txapeldunordeek 340 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide