Klara eta hazi magikoen misterioa animazio filma nahiz Itoiz udako sesioak dokumentala ikusi ahal izango dira igandean eta astelehenean Soreasu antzokian.
Igandean, 16:30ean emango dute Klara eta hazi magikoen misterioa; aldiz, Itoiz udako sesioak-en lehen emanaldia 19:30ean hasiko da. Dena den, astelehenean ere ikusi ahal izango da dokumental hori, 21:00etan. Hitzordu horietarako sarrerak Kulturazen webgunean eskuratu daitezke aurrez, eta emanaldien aurretik ere bai, Soreasu antzokiko leihatilan.
Klara eta hazi magikoen misterioa Norvegian 2023an egindako filma da, Will Ashurstek zuzendua. Honako hau da animazio lanaren sinopsia: "Eta euririk, eguzkirik edo lurrik gabe ere loratu litekeen hazirik balego? Eta norbaitek lapurtu baldin badu? Klara behi nerabe ausartak misterio bat argitu beharko du Agatha Christensen untxi detektibearekin: hazi miraritsuaren desagerpena ganadua daraman trenaren barruan".
Itoiz udako sesioak dokumentala, berriz, duela bi aste estreinatu zuten. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka dira Itoiz musika taldeari buruzko lan horren zuzendariak, eta honako hau da sinopsia: "Argitaratu gabeko zinten aurkikuntzak taldea unerik gorenean zela desegin izanari buruz hausnartzera eraman du Juan Carlos Perez –Itoiz talde ikonikoaren burua–. Gaur egun oraindik ere ukatu egiten du hark taldeak pop erako estilo aldaketa eman zuenik. Perezek bidaia katartikoa hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona".