Kulturaz kooperatibak jakinarazi du zein sortzailek eta taldek egingo dituzten 2025ean sormen egonaldiak Azpeitian. Hain zuzen ere, hainbat lagunek Dinamoa sormen gunean egingo dituzte egonaldiak datozen hilabeteetan. Urtean halako bi deialdi egiten ditu Kulturazek, eta aurrenekoa aurki hasiko da.
#Harri izeneko sormen egonaldi osoa –zazpi eta hamabost egun bitartekoa– egingo du Nagore Tamayok; #Orri egonaldi sinplea –15 eta 90 egun artekoa–, berriz, Ander Azpiazuk, Bigoterik Gabea antzerki elkarteak, Aiora Urbietak, Txesus Garatek eta Joseba Agirrezabalak nahiz Garazi Navasek zein Maite Aizpuruak egingo dute. Antzerki sorkuntzara bideratutako #Ar emanaldia, berriz, Maria Alonso del Valek, Oihana Aranak, Artedramak eta Axut! konpainiak egingo dute.
Proiekturen bat eskuen artean duten pertsonei hori garatzeko espazioa, denbora nahiz baliabideak eskaintzen dizkie Kulturazek, egonaldi mota desberdinen bidez. Dinamoa sormen guneko espazioetan ariko dira proiektuak garatzen otsailetik uztail bukaerara bitartean.