Futbol jardunaldia emankorra izan da Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 3a, 11:53

Lagun Onaken jokalariak Antiguokoren kontrako gola ospatzen. (Lagun Onak)

Etxean aritu dira biak eta seitik lau puntu batu dituzte. Padurari irabazita, bolada txarra eten dute Hirugarren Mailakoek. Ohorezko Erregional Mailan, berriz, Antiguoko liderraren kontra berdintzea lortu dute Azpeitikoek.

Asteburuko futbol jardunaldian lortutakoarekin gustura gelditu dira Lagun Onaken bi talde nagusiak. Etxean aritu dira biak eta jokoan zeuden sei puntuetatik lau poltsikoratu dituzte: Espainiako Hirugarren Mailako gizonek Padurari 1-0 irabazi diote, eta Ohorezko Erregional Mailako emakumeek 1-1 berdindu dute Antiguoko liderrarekin.

Jarraian bi partida galdu ondoren, azkena etxean, bigarren astez jarraian Garmendipen eta sailkapeneko behekaldeko talde baten aurka jokatu zuen Hirugarren Mailako taldeak zapatuan. Arrigorriagako (Bizkaia) Padura taldea hartu zuten Jose Luis Riberaren gizonek, porroten segida eteteko premiarekin. Baina Padurakoek puntu premia larriagoa zuten, eta horien bila irten zirela erakutsi zuten hasieratik. Horrela, etxekoei kostatu egin zitzaien neurketaren lema hartzea, eta lehen zatia nahiko parekatuta eta gol aukera garbirik gabe joan zen azken-azken unera arte: epaileak adierazitako luzapena majo gaindituta, Bizkaiko taldeak oso gertu izan zuen gola, baloia zutoinera bidaliz. Bigarren zatia lehenengoaren ildo beretik hasi zen, agintari garbirik gabe eta gol aukera eskasiarekin. Aldaketekin, Lagun Onak sarriago hasi zen Paduraren areara agertzen, baina asmatu gabe. Eta partida golik gabe bukatuko zela zirudienean, 94. minutuan iritsi zen etxekoei hiru puntuak eman zizkien jokaldia: alboko sake batetik jasotako baloia eskuinarekin erdiratu eta area txikian jarri zuen Jokin Zeziagak, eta zelairatu berria zen Xabi Gereta kapitainak buruz sare barrura bidali zuen baloia, taldekideen zein ikusleen zoramena eraginez.

Behar zituen hiru puntuak Lagun Onakek, eta horie gehiago batzen ahaleginduko da datorren zapatuan Urdulizen zelaian (17:00). Joan den zapatuan batutakoekin, 20 jardunaldi jokatuta, 28 puntu dituzte Riberarenek eta sailkapeneko hamargarren tokian daude.

Berdinketa gozoa

Aurreko astean bezala, puntu bakarra batu du azken jardunaldian Lagun Onakek Ohorezko Erregional Mailan. Baina aurrekoan azken unean bi puntu galtzea ekarri zion berdinketak; eta oraingoan, puntu gozoa lortzea.

Izan ere, Antiguoko liderra hartu zuen etxean Miren Arrondok zuzentzen duen taldeak, hamazazpi jardunalditan partida bakarra galdu duen lider sendoa. Gainera, bere maila hasieratik erakutsi zuen Garmendipen Donostiako taldeak. Hasieratik bukaerara nagusi izan zen Antiguoko lehen zatian; hamargarren minutuan egin zuen 0-1ekoa kanpoko taldeak, eta abantaila gizentzeko aukerak izan zituen atsedenaldiaren aurretik, baina ez zuten lortu, etxekoen zorionerako. Bigarren zatian beste aurpegi bat erakutsi zuen Lagun Onakek hasieratik, eta lehen zatiko erraztasunik ez zuen izan liderrak. Aldiz, jokoaren agintea orekatzea eta gol aukerak sortzea lortu zuen Azpeitiko taldeak. Eta kostatu zitzaion asmatzea, baina 82. minutuen iritsi zitzaion saria Lagun Onaki: June Casinak egin zuen 1-1ekoa, Antiguokoren atezainaren huts egite bat baliatuta. Liderra suspertu zuen berdinketaren golak eta etxekoek gogor eutsi zioten atzean; hala ere, lortu zuten baloia berriro sareratzea Arrondoren jokalariek, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen, jokoz kanpokoagatik, garaipenaren gola izango zatekeena.

Ligako 23. puntua eskuratu du Lagun Onakek azken jardunaldian, eta hamargarren postuan jarraitzen du. Datorren asteburuan etxean arituko da berriro, Elgoibarren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide