Jabetze Eskoletako hainbat ikastarotan lekua dagoela eta, horietan izena emateko epea ostiralera arte luzatu du Azpeitiko Udalak. Aurten ere askotariko ikastaroak eta tailerrak prestatu dituzte, askotariko gaiak ardatz hartuta, eta horietako batzuetan izena emateko aukera dago oraindik ere.
Osasuna genero ikuspegitik tailerrean, Emozioen uholdea ikastaroan, Saltsa batxata kuir saioetan, Ez! Limiteak jartzearen plazera izeneko ikastaroan, klown tailerrean nahiz etxeko oinarrizko elektrizitate ezagutza saioetan plaza batzuk hutsik geratu dira. Ondorioz, herritarrek oraindik ere eman dezakete horietan parte hartzeko izena.
Emakumeen Txokora joanda (Goiko kale 12), 943-15 70 55 edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita eman ahalko da ikastaroetarako izena. Ikastaroen gaineko informazio guztia honako eskuorri honetan eskura daiteke.
Ikastaro iraunkorrak
Irakurle Eskola Feministan eta Empalabramiento alfabetatze taldean parte hartzeko ere eman daiteke izena ostirala bitartean. Irakurle Eskola Ainhoa Aldazabalek gidatzen du, eta hilean behin, ostegunetan elkartzen dira, 17:30etik 19:30era. Empalabramiento saioetan, berriz, Nerea Del Campo arduratzen da dinamika gidatzeaz. Astean hirutan –astelehenak, asteazkenak eta ostiralak– elkartzen dira taldeko kideak, 10:00etatik 12:00etara.
Halaber, ostiralean, Desboteretze Eskolen barruan egingo duten saiorako ere irekita dago izen-ematea. Hain zuzen, gizonek feminismoarekiko duten arduraz ariko dira solasean, 17:30etik 20:30era, Emakumeen Txokoan, Eihera kooperatibako Iñi Etxezarretak gidatuta.
Desboteretze Eskolen barruko hurrengo saioa, berriz, maiatzaren 23an izango da. Iñi Etxezarretak gidatuko du saio hori ere, 17:30etik 20:30era egingo dute, eta desira, erotika zein heteroaraua izango dituzte hizketarako gai.