Hezkuntza Sailak zigorra ezarri dio Iraurgi ikastetxeari, aurreko matrikulazio sasoian "irregulartasunak" egiteagatik

Julene Frantzesena 2025ko ots. 4a, 10:31

Iraurgi ikastetxearen Betharrametako eraikina. (Maialen Etxaniz)

Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Zerbitzuak atzeman zituen "irregulartasunak" aurreko matrikulazio sasoian. Jaurlaritzak ez du zehaztu zigorraren zenbatekoa, eta Iraurgi ikastetxeko ordezkariek ere ez dute zigorraren gaineko azalpenik eman izan nahi. "Lasai" daudela, "diskrezioa" nahi dutela eta "lanean" jarraituko dutela adierazi diote Gukari ikastetxeko kideek.

2023-2024 ikasturteko matrikulazioan "gorabeherak" atzeman zituela eta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zigorra ezarri dio Iraurgi ikastetxeari. Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Zerbitzuak atzeman zituen "irregulartasunak" aurreko matrikulazio sasoian, eta sail horrek ohiko prozedura jarri zuen martxan.

Matrikula datuak berrikusita eta adiskidetze batzordea eratuta, Hezkuntza Sailak zigorra ezarri dio Azpeitiko itunpeko ikastetxeari. Horrenbestez, ikastetxeak matrikulazioan aldatutako unitateari dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Dena den, Iraurgik berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Hezkuntza Sailean edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian.

Gaur kaleratu du Eusko Jaurlaritzak zigor agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, baina ez du zehaztu zenbateko isuna ordaindu beharko duen ikastetxeak. Azpeitia Gukak hitz egin du Iraurgiko zuzendaritzarekin, eta horiek ere ez dute zehaztu nahi izan isunaren zenbatekoa. "Irregulartasuna egin zen matrikulan, eta bagenekien isuna iritsiko zela", azaldu dio Gukari Aitor Cordoba Iraurgiko zuzendariak. Dena den, hark "lasai" daudela, "diskrezioa" nahi dutela eta "lanean" jarraituko dutela adierazi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide