Maccabi Tel Avivek Gasteizen jokatuko duen partidaren kontra agertu dira eskualdeko hainbat kirolari eta kulturgile

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 4a, 12:40

Deialdiaren berri emateko Gasteizen egindako agerraldia. (Palestinarekin Elkartasuna)

Israelgo taldearen kontrako partida geldi dezaten eskatzeko manifestazio nazionalera deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak ostiralerako. Ehunka eragile eta kirolarik babestu dute manifestua, tartean Mikel Aranburu, Axi Muniain, Xabi Oroz, Lierni Osa eta Naroa Agirre kirolariek. Azpeititik eta Zarauztik mobilizaziora joateko hitzordua antolatu dute. 

Maccabi Tel Aviv Israelgo saskibaloi taldeak ostiralean Baskoniaren aurka jokatuko duen partida bertan behera utz dezaten eskatu du Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak, eta haren adierazpena babestu dute kirolari eta kulturari lotutako Euskal Herriko dozenaka eragilek eta norbanakok. Guztira, 200dik gora sinatzaile lortu dituzte Euroligako partida hori bertan behera uzteko eskatzeko, tartean dira Urola Kostako hainbat kirolari, kazetari eta sortzaile. Urola Kostatik manifestaziora joateko hitzorduak antolatu dituzte.

Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak adierazi du Tel Aviveko taldeak "rol garrantzitsua" duela Israelgo armadaren kanpainetan, hura "zuritzen" baitu. Gainera, gaitzetsi dute otsailaren 7an jokatuko den partida bezalako ekitaldiek nazioartean "normaltasun irudia" helarazteko balio diotela Israeli. Era berean, Palestinaren aldeko elkartasuna adierazi dute, eta Israelgo "erregimen koloniala" salatu. Hori dela eta, manifestazio nazionalera deitu dute partida egunerako, Gasteizen. Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora lelopean egingo dute.

Honako hauek dira Palestinarekin Elkartasuna kolektiboaren manifestua babestu duten eskualdeko norbanakoak eta taldeak: 

Kirolariak: 

  • Mikel Aranburu, Axi Muniain, Alex Txikon, Helene Alberdi, Jagoba Beobide, Ierai Aizpitarte, Ibon Guridi, Xabi Oroz, Lierni Osa, Leire Ibar, Naroa Agirre, Mikel Lopetegi Urra, Xabat Olaizola, Iñaki Goikoetxea, Martxel Aldalur eta Maialen Alkorta.  

Saskibaloi taldeak: 

  • ISB gizonezkoen lehen taldea. 

Kazetariak: 

  • Koldo Aldalur kirol kazetaria eta Jon Artano kazetaria. 

Sortzaileak edo kulturgileak: 

  • Ezpalak musika taldea, Iago Azkue (Iagomago) magoa, Ekain Ibarguren pailazo eta malabarista, Xanti Agirrezabala, Miren Nogales eta Mikel Ibarguren aktoreak eta Jon Gurrutxaga bertsolaria.  

Manifestaziora joateko hitzorduak

Ostiralean Urola Kostatik manifestaziora joateko hitzorduak antolatu dituzte. Urola Erditik, Azpeitian jarri dute hitzordua, 17:00etan Esklaben atarian. Hara joateko asmoa dutenek aurrez izena eman dezaten eskatu dute antolatzaileek, modu horretan autoak antolatzeko. Haginpe tabernan jarri dute izena emateko orria.

Kostatik, berriz, 16:00etan aterako dira, Zarauztik. Hain zuzen, Mondra tabernan jarri dute hitzordua. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide