Joan zen astean, Azahara Domiguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatuaren bisita izan zuten Loiola hotelean. Olatz Azpiazu eta Manu Labaka hotelaren jabeekin elkartu zen diputatua, eta hiru hamarkadatan turismoaren arloan lanean ari den familia hotela bertatik bertara ezagutu ahal izan zuen.
Dominguezek azaldu duenez, Loiola hotelak turismo jasangarriarekiko konpromiso garbia dauka hartuta, eta haren ikur nagusiak "kalitatea eta bikaintasuna" dira. Halaber, diputatuaren hitzetan, hotelak lortu du Gipuzkoako fluxu turistikoak modu orekatuan banatzea eta bisitariak lurraldearen barnealdera iristea. Horrez gain, Loiola hotelak bi merkatu nitxo baliatzea lortu duela ere azpimarratu du hark; kirol turismoa eta negozio turismoa.
Joan zen abenduan, Loiola hotelak aitortza jaso zuen Hain Gipuzkoa sarien lehen edizioan. Gipuzkoa kalitatezko helmuga turistiko jasangarri izateagatik jaso zuen Azpiazu-Iriarte familiak ibilbide profesionalaren saria. Sari horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Sailak banatu zituen, Dominguez buru zela.