Euskadiko Automobilismo Federazioak 2024ko txapelketetako sariak banatu zituen joan zen igandean, Aguraingo (Araba) Harresi aretoan. Azpeitiko hainbat lagunek jaso zuten oroigarria, denboraldian zehar egindako balentriak tarteko.
Autokros Txapelketan, Jokin Aiertza eta Iosu Alberdi azpeitiarrek bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren, eta lorpen hori tarteko jaso dute federazioaren oroigarria. Modalitate horretako bigarren mailan Josu Mate azpeitiarra (Iñigo Plazaola kopilotuarekin) eta hirugarrenean Alberdik (Alize Etxebarria kopilotuarekin) nagusitu dira, eta horiek ere jaso dute aitortza.
Horiez gain, Formula Librean Aritz Murua gidariak eta Mikel Zubizarreta kopilotu azpeitiarrak lortu dute garaipena. Bigarren, berriz, Ioritz Buldain azpeitiarra (Nora Larrañaga kopilotuarekin) izan da. Horiek ez ezik, 2RM Kopa irabazi duen Matek ere jaso zuen oroigarria igandean, baita Propulsio Kopan nagusi izan den Alberdik ere.
Rallyetan, ibilgailu historikoen lehen mailan, Unai Usobiaga pilotua eta Maria Aranberri kopilotu azpeitiarra izan dira nagusi, eta 2RM Kopan ere jaso dute lehen saria Usobiagak eta Aranberrik. Bi lorpen horiek tarteko federazioak ere eman die oroigarri bana.
Halaber, euskal gidariek nazioartean lortutako aitortzak ere gogora ekarri zituen federazioak ekitaldian. Ion del Cid kopilotuak zein Igor Agirrebeña eta Jon Bikendi gidari azpeitiarrek jaso dute sari bana.