Jose Artetxe kalea eta Sanjuandegi lotzen dituen lurpeko pasabidean murala margotzen hasi da Udane Juaristi artista. Atzo hasi zen hura lanean, eta pare bat astez ariko da horma irudia egiten gune horretan. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, pasabideari argitasuna emateko eta gunea politago bilakatzeko egingo du murala azkoitiarrak.
LGTBI+ topaketetan parte hartzen ari diren lagunek ere egin dituzte muralaren sormen prozesuan ekarpenak. Izan ere, iaz udalak egindako LGTBI+ diagnostikoan atera zuten ondorioetako bat izan zen kolektiboak ikusgarritasun gutxi zuela herrian. Horregatik, muralaren bidez, kolektibo horren herri presentzia areagotzea nahi dute.
Udalak azaldu duenez, pasabide hori herriko puntu beltzetako bat da. Lehendik bada mural bat hormetako batean; 2021ean, Emakumeen Mahaiak Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko ekitaldien barruan antolatu zuen mural margoketa, eta herritarrek Ainara Azpiazu Axpi artista hernaniarrak eginiko diseinua margotu zuten. Orain pasabidearen beste aldeko horma margotuko du Juaristik.