Ekindar kooperatibak beste proiektu bat jarriko du martxan: landareen haztegia. Urrestillan kooperatibak martxan duen eguzki plaken instalazioaren inguruan osatuko dute haztegia, kooperatibaren hasierako proiektuan aurreikusitako gisan. Ekindarreko kideek azaldu dutenez, haztegiarekin "balio erantsia" eman nahi diote proiektuari.
Landareen haztegia eratzeko landaketa auzolanean egingo dute Ekindarreko partaideek. Kimu Bat enpresakoen laguntzarekin, hiru larunbat goizetan ariko dira landaketan: otsailaren 8an, 15ean eta 22an. Hitzordu horietako bakoitzean 15-20 lagun beharko dituzte landaketa gauzatzeko. Ekindarreko ordezkarien arabera, kooperatibaren komunitatea indartzen eta harremanak sendotzen jarraitzeko "aukera paregabea" izango da proiektu berria.
Ekindarreko bazkideei auzolanera animatzeko deia egin diete, eta parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman ahal izango dute izena. Dena den, 943-11 98 06 telefono zenbakira deituta edota Energia Bulegora joanda ere eman ahal izango da auzolanerako izena.