60 urtetik gorako pentsiodunei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzeko helburuz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) lanean ari da pentsioak osatzeko sistema bat sortzeko. Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean Herri Ekinaldi Legegile (HEL) bat eztabaidatzea eta bozkatzea lortu nahi dute, eta hori babesteko sinadura bilketa kanpaina dute abian, eta Azpeitian ere bilketa horrekin dabiltza. Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek jakinarazi dutenez, "martxa onean" ari dira sinadurak jasotzen, eta "eskertuta" agertu dira herritarrek izandako jarrerarekin: "Erritmo onean ari gara sinadurak biltzen, eta iruditzen zaigu erronka bezala jarri dugun kopurura iritsiko garela". Dena den, gogoratu dute 18 urtetik gorako edozein herritarrek ere egin dezakeela ekarpena.
Hain zuzen, gazteagoak direnengana iritsi nahi dute. "Etorri izan zaizkigu galdezka ea jubilatuta egon gabe sinatu daitekeen. Gure erantzuna izan da gaur gu garela jubilatuak, baina urte batzuk barru haiek izango direla; gaur guk kobratzen dugula pentsioa baina gerora haiek jasoko dute", adierazi dute. "Denek jakin behar dute 18 urtetik gorako edonork sinatu dezakeela".
Apirilaren 24ra bitartean izango da sinadura emateko aukera, eta horretarako Azpeitian ere sinadura emateko mahaiak jarriko dituzte Baigera jubilatuen elkartekoek. Nortasun agiria eskatuko diete sinatzaileei bietan ere datuak berdin idatzita egon behar dutelako.
- Sanjuandegin, igandean, 12:30etik 14:00etara.
- Plaza Nagusian: asteartean, 10:30etik 12:30era. Igande eguerdian, 12:30etik 14:00etara.