Inauteriak 2025

Artzain-inudeen kalejiran danborra jotzera animatzeko deia egin die udalak herritarrei

Julene Frantzesena 2025ko ots. 6a, 12:16

Artzain-inudeen konpartsa Jai Karnabal batean.

Martxoaren 2an izango da Jai Karnabala, eta beraz, artzain-inudeen kalejira. Aurten danborra jotzen atera nahi duten herritarrek aurrez izena ematea komeni dela azaldu du udalak. Danbor jotzaileek bi entsegu egingo dituzte: otsailaren 21ean eta 27an. Itsasiren konpartsan atera nahi duten figuranteek ere eman dezakete izena.

Iristear dira karnabalak, eta Azpeitiko Udalak artzain-inudeen konpartsan danborra jotzera animatu ditu herritarrak. Hain zuzen ere, aurten, martxoaren 2an izango da Jai Karnabala, eta beraz, kalejira hori.

Aurten danborra jotzen atera nahi duten herritarrek aurrez izena ematea komeni dela azaldu du udalak, "lanak errazteko". Horiek udaleko Kultura Saileko 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Danborrada prestatzeko bi entsegu egingo dituzte jaien atarian: otsailaren 21ean (ostirala) eta otsailaren 27an (osteguna), 20:00etan, Itsasi dantza taldearen egoitzan (Urola kaleko 6. zenbakian). Bi pieza jo ohi dituzte danbor jotzaileek ibilbidean zehar.

Erakundeak azaldu duenez, artzain-inudeen konpartsarekin ateratzen den danborrada indarra hartzen ari da urtez urte. Itsasiko kideek konpartsa osatzen dute urtero, gainera, eta horiekin figurante moduan atera nahi dutenek ere eman dezakete izena itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com helbidera mezua idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide