Otsailaren 16an egingo dute Zuhaitz Eguna Goenan

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 7a, 15:07

Hainbat lagun iaz zuhaitzak landatzen.

Ekoetxeak antolatuta, zuhaitzak landatuko dituzte otsailaren 16an, Goenako zelaietan. Adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduera da, eta parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Dagoeneko ireki dute izen-ematea.

Azken urteetan Azpeitiko Udalaren eta Ekoetxearen egutegian falta ez den jarduera da Zuhaitz Eguna, eta aurtengoak ere badu data: otsailaren 16a. Igandez egingo dute arbola landaketa Goenako zelaietan, eta ohi bezala, askotariko landareak sartuko dituzte.

Urola Bizirikek Madalena auzoan duen haztegitik hartuko dituzte Goenan landatuko dituzten zuhaitzak. Jardueran parte hartzen duten herritarrek zuhaitzen landaketa prozesua bertatik bertara ikusteko eta ikasteko aukera izango dute. 

Jarduera irekia denez, adin guztietako herritarrek dute bertan parte hartzeko aukera. Dena den, antolatzaileek aurrez izena ematea gomendatzen dute, horretarako jartzen duten izen-emate orrian. Dagoeneko zabaldu dute horretarako epea, eta honako lotura honetan egin daiteke.

Ez dute jakinarazi zer zuhaitz mota landatuko dituzten, baina ekintzak bi orduko iraupena izango duela bai, baita amaitzean hamaiketakoa egingo dutela ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide