Euskal inauterien jaialdian parte hartzeko deia egin diete herritarrei

Julene Frantzesena 2025ko ots. 8a, 09:34

Hainbat ikasle txatxoz jantzita iazko jaialdian. (Ihintza Elustondo)

Ikasberri ikastolako kideek egiten dute jaialdia urtez urte, karnabalen atarian. Hilaren 28an izango da, ostiralez, eta ekitaldiaren bukaeran dantzatuko duten Lantzeko zortzikoa egin ahal izango dute nahi duten herritar guztiek. Entseguak antolatu dituzte, dantza ikasi nahi dutenentzat. Aurrez izena eman beharko da.

Ikasberri ikastolak euskal inauteri tradizionalen "berpizkundea" sustatzeko asmoz, aurten ere egingo du ohiko kalejira. Karnabalen atarian, otsailaren 28an, ostiralez, izango da hitzordua, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Hain zuzen ere, herriko helduei egin diete jaialdira batzeko proposamena; ekitaldiaren bukaeran dantzatuko duten Lantzeko zortzikoa egin ahal izango dute nahi duten herritar guztiek.

Dantza hori prestatzeko entseguak deitu dituzte. Zehazki, otsailaren 18an, 20an eta 25ean gauzatuko dituzte ikastolan bertan, 21:00etan hasita. Dena den, parte hartu nahi dutenek aurrez, ostirala baino lehen, eman beharko dute izena, honako galdetegi hau beteta. Dantzara animatzen diren herritarrek txatxoz –argazkiko mozorroa– jantzi beharko dute.

Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, antzinako ohiturak berreskuratzea eta euskal kultura herrira zabaltzea nahi dute ikastolako komunitatearentzat urteko ekitaldi garrantzitsuenetarikoa den jaialdiarekin. "Gero eta jende gehiagok parte hartzen du ekitaldian. Aurten, gainera, ikastolako ikasle ohien ere parte hartuko dute, belaunaldien arteko lotura indartuz eta tradizioa elkarrekin biziz. Horrek inauteriak are bereziago bihurtzen ditu, gure historia eta identitatea berreskuratzeko aukera paregabea eskainiz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide