Ekindarren landare haztegia martxan jartzeko lehen auzolan saioa egin dute

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 8a, 15:44

Bertako landareekin eta landare ornamentalekin osatuko dute mintegia, kooperatibak Urrestillan dituen lurretan; eguzki plaken instalazioaren inguruan, hain zuzen. Gaurkoaz gain, beste bi auzolan saio egitea aurreikusten dute. 

Eguzki plaken instalazioa dagoeneko abian dela, landare haztegia eratzeko proiektua abiarazi du Ekindarrek. Hain zuzen ere, kooperatibak Urrestillan dituen lurretan, eguzki plaken inguruan, osatuko dute haztegi hori, eta gaur goizean egin dute lehendabiziko auzolan saioa. 09:00etan hasi eta 14:00ak arte, hamabosten bat bazkide jo eta su jardun dira, Kimu Bateko Mitxel Igarataundiren laguntzarekin.

Igarataundik azaldu duenez, eguzki plaken instalazioa jartzeko kooperatibak Urrestillan bereganatu zituen lurrak landalurrak dira, "lur oso onak", eta beste zer erabilera eman ziezaioketen aztertu ostean, landare haztegi bat sortzea erabaki zuten. "Mintegi bat auzolanean gauzatzeko moduko proiektua zela ikusi genuen, eta aurrera egitea erabaki genuen". 

Hasiera batean bertako landareak bakarrik sartzeko asmoa zuten arren, lan handiegia izango zela iritzita, erdi eta erdi egitea erabaki dute azkenean. "Bertako landareak, normalean, urtero edo bi urtean behin atera eta landatu behar izaten dira, eta hori dezenteko lana da". Hori saiheste aldera, zati batean bertako landareak eta bestean landare ornamentalak –lorategietarako landareak– sartzea hobetsi dute, eta azken horiei balio erantsia ematea.

Hori nola? "Landareei luzean irabazten utzi beharrean, urtean behin edo bitan kimatu, eta landare zabalagoak edo potoloagoak lortuta", azaldu du Igarataundik. "Horrela, berez hiru euro balioko lituzkeen landare batek, hamabost euro balio litzateke saltzerako orduan". Izan ere, mintegitik ateratzen dituzten landareak merkaturatu egingo dituzte gero. "Era horretara zainduta, orain sartzen ari garen landareek lau, bost, sei edo zazpi urte egin ditzakete mintegian, barietatearen arabera".  

Izen ematea, zabalik

Gaurkoaz gain, beste bi auzolan saio egingo dituzte kooperatibako bazkideek, datorren zapatuan –otsailak 15– bata, eta hurrengoan –otsailak 22– bestea, eguraldiak laguntzen badie behintzat. Denera, 4.000 landare inguru sartuko dituzte, eta horrez gain, tanta jario bidezko ureztatze sistema ere prest utziko dute, erabiltzeko beharrik sortuko balitz ere.

Hitzordu horietako bakoitzean 15-20 lagun beharko dituztela aurreikusi dute, eta parte hartu nahi dutenek hiru modu dituzte izena emateko: honako lotura honetan, 943-11 98 06 telefono zenbakira deituta edo Energia Bulegora joanda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide