Karmelo Etxegarai ikastolako hezkuntza komunitateak kalitatezko eskola publikoaren aldeko elkarretaratzeak egingo ditu ostiral arratsaldero, 17:00etan, bi eraikinetako jolastokietan, eta mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die herritarrei ere.
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, urtarrilaren 21az geroztik hamabi eguneko greba ziklo batean dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan lan egiten duten irakasleak, sukaldeetako eta garbiketako langileak eta Haurreskolak partzuergoko langileak. Hain zuzen ere, irakasleek urtarrilaren 22an eta 23an egin zuten greba, eta 26an eta 27an ere egingo dute; Haurreskolak partzuergoko langileek, urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an; eta sukaldeetakoek eta garbiketakoek, urtarrilaren 30ean eta 31n, eta otsailaren 19an eta 20an.
Lan hitzarmenak berritzea eta baldintzak hobetzea dira greba zikloarekin lortu nahi dituztenak, eta borroka horren baitan eta indar handiagoa egiteko erabaki du Karmelo Etxegaraiko hezkuntza komunitateak ostiral arratsaldero elkarretaratzeak egitea. "Herritar oro gurekin batera elkarretaratze horietan parte hartzera gonbidatzen dugu, kalitatezko eskola publiko baten alde".