Igandean eta astelehenean Cuando caiga el otoño filma emango dute Soreasu antzokian. 19:00etan ikusi ahal izango da igandean, eta 21:00etatik aurrera, berriz, astelehenean. Bi emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke aurrez; bestela, emanaldien aurretik Soreasuko leihatilan ere bai.
François Ozonek zuzendutako filma iaz estreinatu zuten. Frantzian egindako lana drama generokoa da, eta honako hau da haren sinopsia: "Michellek, sasoi betean dagoen amonak, erretiro lasaia bizi du Borgoinako herrixka batean, eta han bizi da Marie-Claude ere, bere lagunik onena. Santu Guztien egunean, Valerie alaba joaten zaio bisitan, Lucas biloba eskolako oporren astean han uzteko asmoz. Ezer ez da, baina, espero bezala joango".