Eneritz Aramendik Kobaz Koba Trail mendi lasterketako proba luzea irabazi du

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 9a, 18:54

Eneritz Aramendi Kobaz Kobako helmuga zeharkatu duen unean. (Aitziber Arzallus)

Zaldei deituriko 26 kilometroko proba luzea bukatzen aurreneko emakumea izan da. Korrikalari azpeitiarrak hiru ordu eskas behar izan ditu helmugara iristeko; zehazki, bi ordu, 58 segundo eta hamabi ehunen. 

Gaur goizean jokatu dute Zestoan Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren bederatzigarren edizioa. Guztira, 616 lagunek parte hartu dute, horietako batzuek Zaldei deituriko 26 kilometroko proba luzean, eta besteek Artzei deituriko 15 kilometroko proba motzean. Batean zein bestean azpeitiar askok parte hartu dute, dozenaka zenbatzeko moduan, eta aurreko postuetan lehian ibili direnak ere bat baino gehiago izan dira. Txapeldunaren garaikurra, ordea, batek bakarrik eraman du etxera, Eneritz Aramendik, proba luzeko emakumerik azkarrena izan baita, 26 kilometroko ibilbidea 02:58:12 denboran eginda.

Proba berean, Aramendiren atzetik eta sailkapeneko bigarren lekuan, beste azpeitiar bat helmugaratu da: Naroa Uria, 03:01:20 denborarekin. Ibai Angulo urrestildarrak, berriz, hirugarren egin du proba motzean, 01:18:27 denborarekin. 

Gizonetan, Iraitz Legorburu getariarra izan da proba luzean helmugaratzen aurrena. Proba motzean, berriz, Mikel Arriola eibartarra eta Ainara Urrutia aretxabaletarra izan dira onenak.  

Guka Telebista Zestoan ibili da goiz partean, eta lasterketako irudiekin eta txapeldunen adierazpenekin honako bideoa osatu du:  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide