Aspegi Saria irabazi du Mari Jose Arangurenek

Ane Olaizola 2025ko ots. 10a, 09:51

Mari Jose Aranguren. (Orkestra)

Gipuzkoako emakupe enpresari, profesional eta zuzendarien elkarteak banatzen duen Urteko Zuzendaria saria eskuratu du Orkestra institutuko zuzendariak, eta hark otsailaren 20an jasoko du saria, Donostian. 

Gipuzkoako emakupe enpresari, profesional eta zuzendarien elkarte den Aspegik ematen duen Urteko Zuzendaria saria irabazi du Mari Jose Aranguren (Urrestilla, 1969) Orkestra institutuko zuzendari nagusiak. Arangurenen ibilbide akademikoa eta profesionala goraipatu ditu epaimahaiak, baita ikerketa eta eskualdeko garapen ekonomikorako proiektu estrategikoetan hark izan duen parte hartzea ere. Era berean, nazioarteko lankidetzan eta enpresa kudeaketan berrikuntza sustatzeko haren lidergoa ere kontuan hartu dute saria ematerakoan.

Aspegiren arabera, sarien helburua da Gipuzkoako emakumeen talentua eta lidergoa ikusaraztea, eta aurten, hamargarren urtez banatuko ditu elkarteak sariak. Hain zuzen, hilaren 20an egingo dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Parke Teknologikoan, eta Arangurenek ez ezik, ScrapAdeko sortzailetako bat den Sandra Montes Perezek ere jasoko du saria, Enpresaburu kategoriari dagokiona.

Deustuko Unibertsitatean Ekonomia katedraduna da Aranguren, eta 2014az geroztik, Lehiakortasunerako Euskal Institutua zuzentzen du. Insititutuak berazk azaldu duenez, Arangurenek hiru plan estrategiko gidatu ditu azken hamarkadan, eta erakundeak "mugarri garrantzitsuak" lortu ditu: "Urteko 3,3 milioi euroko diru-sarreren maila, 98 erakunderekin lankidetzan gauzatutako 41 proiektu, 43 pertsonako lantaldea eta nazioarteko erakundeekiko aliantza-sare zabala". Era berean, ekonomialariak lehiakortasunaren eta lurralde estrategiaren arloen inguruko liburu zein artikuluak kaleratu ditu aldizkari espezializatuetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide