Asteburu borobila izan da Lagun Onakentzat

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 10a, 11:09

Lagun Onak eta Elgoibarren arteko partida, zapatuan, Garmendipen. (Lagun Onak)

Elgoibarri 2-1 irabazi diote emakumeek, eta Urdulizi 0-2 gizonek. Aipatzekoa, gainera, gizonen taldeak bi jokalari garrantzitsu berreskuratu dituela, Asier Zeberio eta Jakes Aranbarri, sei eta zortzi hilabete min hartuta egin eta gero. 

Asteburu emankorra izan da Lagun Onakeko bi talde nagusientzat: emakumeek hiru puntu poltsikoratu zituzten zapatuan, Elgoibarren kontra Garmendipen jokatutako neurketan; eta gizonek beste hiru, zapatuan horiek ere, Urduliz bere etxean garaituta. 

Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldea gogotsu zelairatu zen, eta aurreneko minututik nabaritu zen hori. Berehala egin ziren jokuaren jabe, eta gol aukerak ere erruz sortu zituzten, nahiz eta atea zulatzerik ez zuten lortzen. Aldiz, sortutako aukera bakarra baliatu zuten kontrarioek, eta hogeigarren minutuan markagailuan atzetik jarri ziren etxekoak. Horrek, ordea, ez ziren askorik eragin Lagun Onakeko jokalariei. Borrokan jarraitu zuten, eta handik minutu gutxira iritsi zen ordaina. Korner baten izan zen: Joane Kortak buruz errematatu eta berdinketaren gola egin zuen. Eta berehala sartu zuten bigarrena ere, 30. minutuan hain zuzen. Malen Astigarraga izan zen golegilea, eta falta baten ostean lortu zuen baloia sareratzea. Horrela, 2-1ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.   

Bigarren zatian gehiago estutu zuten Elgoibarkoek, eta gol aukerak ere sortu, sortu zituzten, batez ere etxekoak kontraerasoan harrapatzen zituztenean. Lagun Onakek ere eduki zuen aukeraren bat edo beste, baina bietako inor ez zen gai izan markagailua mugitzeko. Horrenbestez, pixka bat sufrituta, baina hiru puntuak etxean gelditu ziren. 

Hiru puntu eta bi jokalari

Hirugarren Mailan lehiatzen duten gizonek ere berehala hartu zuten aurrea markagailuan, Urdulizko Iparralde futbol zelaian jokatutako neurketan. Lehen minutuetan bi taldeetako inork ez zuen nagusitasunik erakutsi zelaian, baina Jose Luis Riberaren mutilek ordulaurdenerako egin zuten aurreneko gola, kontraerasoko jokaldi dotore batean. Jokin Zeziaga izan zen zen aurkarien atezaina gainditzea lortu zuen jokalaria, eta haren golari esker, urduritasunak hartu zituen urdulizatarrak. Horren adierazgarri da, 34. minutuan, epaileak etxeko taldeko jokalari bat kaleratu izana, bost minutuan bi txartel hori atera eta gero. Ordutik aurrera, zelaian bat gehiagorekin, erabatekoa izan zen Lagun Onakekoen nagusitasuna, eta lehen zatia bukatzera erabakita utzi zuten partida. Hain zuzen ere, 45. minutuan eta berriz ere kontraerasoko jokaldi batean, Unax Odriozola zarauztarrak, taldeko goleatzaile nagusiak, egin zuen bigarrena. 

Atsedenalditik bueltan, taldean aldaketaren bat bai –Jon Sorazu zelairatu zen Jagoba Erdoziaren ordez–, baina, gainontzean, ezer aipagarririk ez. Beste golen bat sartzeko aukerak sortu zituen Azpeitiko taldeak, baina horretan geratu ziren, aukera hutsean.

Aipatzekoa, hori bai, taldeak bi jokalari garrantzitsu berreskuratu dituela: Axier Zeberio eta Jakes Aranbarri. Zeberiok abuztuaren 24an hartu zuen min, Ugaitz Kerejetaren omenezko memorialean hain justu, eta sei hilabete egin zitu zelaietatik kanpo. Zapatuan, baina, hasierako hamaikakoan sartu zuen Riberak. Aranbarrik, berriz, zortzi hilabete egin ditu jokatu ezinik, joan den denboraldiaren bukaeran min hartu eta gero. Lesiotik bueltan, Urdulizen, partidaren azken hamabost minutuak jokatzeko aukera izan zuen azpeitiarrak.

Axier Zeberio, sei hilabete eta gero, berriz zelaian. Hasierako hamaikakoan sartu zuen entrenatzaileak zapatuan, Urdulizen kontrako partidan. (Lagun Onak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide