Inauteriak 2025

Lopeneren ganaduek ordezkatuko dituzte Sakarenak karnabaletan

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 11a, 10:18

Sakaren zezena sokamuturrean, 2022ko martxoan.

Saka Azpeitian izatekoa zen datozen festetan, baina tuberkulosi agerraldi bat dela-eta abelburu guztiak hil behar izan dituzte Itziarko ganadutegikoek. Lopenek, bere saioa egiteaz gain, haien tokia hartuko du datozen festetan eta Bergarako Zezenak ere Azpeitian izango da.

Ez ohiko gertaera batek baldintzatutako ez ohiko beste gertaera bat izango da aurten Azpeitiko karnabaletako sokamuturrean: Saka ganadutegiak ezingo du etorri, haren abelburuen tuberkulosi gaitza dela eta, eta Lopenek hartuko du haren tokia..

Hiru ganadutegi ziren aritzekoak Jai Karnabaletik Astearte Karnabalera bitarteko zezenaren irteeretan: Zestoako Lopene, Bergarako Zezenak eta Itziarko Saka. Azken ganadutegi horretan, ordea, zituzten 160 abelburuak hil behar izan dituzte, tuberkulosi gaitzaren agerraldi bat tarteko. Lopenek hartuko haren tokia eta, ondorioz, bi egunetan ibiliko dira Zestoakoak aurtengo karnabaletako zezenean, egun bakoitzean buru desberdinak aterata. Bergarako Zezenak ganadutegiak ere bi saio izango ditu, lehendik iragarrita zeukan bezala.

Saninazioetako bigantxetan ez bezala, Saka ez da ohiko ganadutegia izan Azpeitiko sokamuturrean; 2022ko martxoan ibili ziren azkenekoz Itziarkoen abereak herriko kaleetan, atzeratuta ospatu zen umeen danborradaren bueltako ospakizunetan. Hala ere, bigarren urtez jarraian geldituko dira Itziarkoak Azpeitian zezenak ateratzeko zorian; izan ere, iaz Astearte Karnabalerako zeuden iragarrita Sakaren zezenak, baina jai egitaraua bertan behera gelditu zen emakume baten kontrako bortxaketa dela eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide