Maiatzaren 17an egingo dute aurtengo Etxera Eguna

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 11a, 11:24

25. urteurreneko Etxera Egunaren data emateko agerraldia egin zuten herritarrak. (Azpeitiko Sare)

25 urte beteko ditu presoen eskubideak aldarrikatzeko festa egunak eta lantalde berezia osatu dute urteurreneko jardunaldia bultzatzeko. Egitaraua aurrerago jakinaraziko dute, baina "data gordetzeko" deia egin dute.

2025eko Etxera Egunak badu data. Maiatzaren 17an, zapatua, egingo dute presoen eskubideak aldarrikatzeko aurtengo festa eguna, eta "data gordetzeko" eta egun horretan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin dute Azpeitiko Sarek eta hainbat herritarrek. Izan ere, 25 urte beteko ditu Elkartasun Eguna izenarekin sortu zen jardunaldiak, eta lantalde berezia osatu dute urteurrenekoak antolatzeko eta bultzatzeko. Irudia ere sortu dute, 25 urte elkartasunez leloarekin.

Ohi dutenez, data gerturatu ahala joango dira jakinarazten Etxera Egunaren egitaraua, berrikuntzak eta xehetasunak, baina antolatzaileek aurreratu dute "oso indartsu datorrela" aurtengoa, "25.a delako, jende gehiago batu delako lanera", eta egitaraua ere "polita" izatea aurreikusten dutelako. Osorik zehazteke dagoen egitarauaren barruan ez dute hutsik egingo kros eta bazkari herrikoiek, eta horietan zein aurkeztuko dituzten beste ekintzetan parte hartzeko gonbita egin diete antolatzaileek herritarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide