Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidearen xehetasun guztiak gaur aurkeztu dituzte txirrindulari proba ezagunaren antolatzaileek. Apirilaren 7tik 12ra egingo dute gizonen aurtengo Itzulia, eta hirugarren etapan Nuarbe eta Matxinbenta zeharkatuko dituzte txirrindulariek.
Hain zuzen ere, Zarautzen hasi eta Beasainen bukatuko da etapa hori, apirilarem 9koa. 156 kilometroko ibilbidean, zazpi mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek; horien artean, Meaga, Santa Ageda eta Mandubia. Zarauztik abiatuta, kostako bidea hartuko du lasterketak, Zumaiaraino; handik Zestoa aldera hartuta, Arroatik Iraetara iritsi, eta han Meagako mendatean gora igoko dira, Aizarnazabalen zehar, Meagan behera Zarautzera itzultzeko, eta handik Aiara igotzeko.
Andazarraten behera utziko du eskualdea lasterketak, baina Tolosatik bueltan berriro itzuliko da Urola Kosta aldera pelotoia, etapako bi mendate nagusiak igotzeko, hain zuzen: Santa Ageda lehendabizi, Beizamara jaitsi aurretik; eta Beizamatik jaitsi eta Nuarbetik Matxinbentaraino joanda, Mandubia.