Ibilgailu elektrikoen birkargarako hamar kargagailu jarri nahi ditu udalak herriko enpresen esku

Nerea Uranga 2025ko ots. 15a, 09:00

Azpeitiko Azoka Plaza atzean dauden kargagailuak. (Nerea Uranga)

Kargagailuak enpresek beren eremu pribatuetan jartzeko izango dira, eta horretarako interesa duten enpresekin bilera deitu du udalak otsailaren 20rako. 14:30ean izango da batzarra, Basazabal jauregiko hirugarren solairuan.

Azpeitiko Udalak ibilgailu elektrikoen birkargarako hamar kargagailu herriko enpresen esku utziko ditu, eta espeziean emandako laguntza izango da hori. Kargagailu horiek lurreko kargatze puntu bikoitzekoek dira, 22 Kw-koa hartune bakoitzeko. Kargagailu horiek enpresek beren eremu pribatuetan instalatu beharko dituzte.

Kargagailu horietan interesa duten enpresekin bilera bat egingo du udalak datorren ostegunean, otsailaren 20an, 14:30ean hasita, Basazabal jauregiko hirugarren solairuan. Udalekoek bertan esleipenaren oinarriak azalduko eta enpresetako ordezkariek izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte.

Udalak azaldu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen arabera, administrazio publikoek sektore pribatuarekiko lankidetza sustatu behar dute: eraikin pribatuetan, merkataritza guneetan, industrietan eta ibilgailu asko ibiltzen diren beste guneetan karga puntuak jartzeko; eta, karga sare sendo bat sortzeko eta ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko, jasangarritasun energetikoaren eta emisioen murrizketaren estrategia orokorrerako. Lege hori kontuan hartuta erabaki du udalak herriko enpresen esku jartzea hamar kargagailu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide