Gaur zortzi, otsailaren 22an, egingo dute Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako XV. Gau Txori gaueko argazki rallya. Aurreko aldietan bezala, memoria txartel huts bat eta argazki kamera digitala dituen edonork har dezake parte ilundu ondoren egiten den argazki rallyan. Izen ematea doan da eta egunean bertan irekiko dute antolatzaileek, 19:00etatik 20:00etara, Soreasuko Dinamoa sormen gunean argazki elkartearen egoitzan.
Izena ematerakoan jakinaraziko dizkiete partaideei rallyko gaiak. Igande goizaldean, 01:00etan, bukatuko da rallya; beraz, ordurako Dinamoan argazki elkartearen egoitzako ordenagailuan utzi beharko dituzte argazkilariek rallyan ateratako argazki denak. Argazkiak zuri-beltzean zein koloretan egindakoak izan daitezke, denak Azpeitian ateratakoak; parte hartzaile bakoitzak gehienez 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, kontrolekoa barne. Parte hartzaileek argazkiak ezabatu ahal izango dituzte, baina ez manipulatu.
Rallyan lehiatzeko, gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dira, otsailaren 27a baino lehen; partaide zenbakia eta gai bakoitzerako hautatu duten argazkiaren zenbakia adierazi beharko dituzte parte hartzaileek mezuan.
Berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko ditu kontuan AAEk izendatutako epaimahaiak argazkiak puntuatzeko garaian, eta lau sari banatuko ditu Gau Txori argazki rallyak: bilduma onenaren egileak, rallyaren irabazleak, 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, 100 euro eta garaikurra; hirugarren sailkatuak, 70 euro eta garaikurra; eta saritu gabeko lehen azpeitiarrak, garaikurra.
Saritutako argazkiak AAEren esku geldituko dira eta elkarteak egoki iruditzen zaion moduan erabili ahal izango ditu irudi horiek, beti ere, egilearen izena aipatuz.
Azpeitiko Argazki Elkarteak ez du beregain erantzukizunik hartuko argazki rallya egiten den bitartean pertsonengan, argazki ekipoetan edota edozein ondasunetan sor daitezkeen kalteren edota hondatzearen aurrean.