Hurrengo igandean eta astelehenean bi film emango dituzte Soreasu antzokian: igandean, 16:30ean hasita, Sonic 3: la pelicula, eta 19:00etan, Vivir el momento; astelehenean ere emango dute Vivir el momento, 21:00etan hasita. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke aurrez; bestela, emanaldien aurretik Soreasuko leihatilan.
Sonic 3: la pelicula AEBetan iaz ekoiztutako animaziozko filma da, eta Jeff Fowler da haren zuzendaria. Honako hau da sinopsia: "Sonic, Knuckles eta Tails aurkari berri eta boteretsu bati aurre egiteko elkartu dira, Shadow izeneko bilau misteriotsu bati. Haren botereek ez dute heroiek orain arte ezagutu dituztenen antzik. Sonic taldeak, ahalmenak zentzu guztietan gaindituta, ez ohiko aliantza egin beharko du Shadow geldiarazteko eta planeta babesteko".
Vivir el momento, berriz, drama eta amodioa uztartzen dituen filma da. Erresuma Batuan egina da lana, eta honako hau da film horren sinopsia: "Almutek eta Tobiasek elkar ezagutzen dute ustekabeko topaketa batean. Beren bizitzetan komunean dituzten pasarteen bidez −maitemindu egiten dira, etxe bat eraikitzen dute, familia bat osatzen dute...− egia zail bat agertzen da, zimenduak astintzen dituen egia bat. Denboraren mugek mehatxatzen duten bide bati ekiten dioten heinean, protagonistek beren maitasun istorioak hartu duen ez ohiko bideko une bakoitza balioesten ikasiko dute".