Berdinketen asteburua izan da Lagun Onakentzat

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 17a, 13:26

Lagun Onak eta Durangoko Kultural taldeen arteko neurketa, Garmendipen. (Lagun Onak)

Gizonek bana berdindu dute Durangoko Kultural taldearen kontra Garmendipen, eta emakumeek bana berdindu dute Urolaren kontra Zumarragako Argixao futbol zelaian. 

Berdinketen asteburua izan da Lagun Onaken talde nagusientzat. Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen duten gizonek zapatu arratsaldean etxean jokatu zuten Durangoko Kultural taldearen kontra, eta bost minuturako maldan gora jarri zitzaien partida. Etxeko jokalari batek area barruan eskuarekin baloia ukitu zuela eta, Durangokoei penalti puntutik jaurtitzeko aukera eman zien epaileak, eta Pastriain azkoitiarra izan zen baloia sareratu zuena. Kontrako golak, baina, esnarazi egin zituen Lagun Onakeko jokalariak. Handik aurrera eurena izan zen baloiaren jabetza, baina gola egin ezin, eta horrela iritsi ziren atsedenaldira, 0-1ekoarekin.

Bigarren zatian, bide beretik jarraitu zuen partidak. Jose Luis Riberaren gizonak borrokalari zelairatu ziren, eta aurki etorri zen ordaina: 72. minutuan, Axier Zeberiok eginn zuen etxekoentzako gola, Imanolek egindako erdiraketa bat errematatu ostean. Hortik aurrera, aukera batzuk bai, baina beste golik ez zuten sartu ez batak eta ez besteak; bereaz, berdinketarekin iritsi ziren norgehiagokaren bukaerara, eta puntu banarekin konformatu behar izan zuten biek ala biek. 

Ohorezko Erregional Mailan aritzen diren emakumeek ere zapatu arratsaldean jokatu zuten, baina kanpoan, Zumarragako Argixao futbol zelaian hain zuzen, Urola taldearen kontra. Partidara oso ondo sartu zen Miren Arrondok gidatzen duen taldea, eta hirugarren minuturako markagailuan aurretik jartzea lortu zuten Malen Astigarragak sartutako golari esker. Etxekoak atzean sartuta, Lagun Onakekoek partida mendean zutela ematen zuen, baina 30. minutuan berdinketa lortzeko aukera ezin hobea izan zuten Urolakoek, epaileak haien aldeko penaltia adierazi ostean. Lagun Onakekoen zorionerako, ez zuten asmatu Zumarraga-Urretxukoek, baloia kanpora bota baitzuten, eta horrela, Azpeitikoak markagailuan aurretik iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian oso bestelako jarrerarekin zelairatu ziren etxekoak, eta deseroso sentiarazi zituzten Lagun Onakekoak. Urolakoak beste areara askoz errazago eta gehiagotan iristen hasi ziren, gol aukerak sortzen, eta Azpeitikoei eustea eta sufritzea egokitu zitzaien. Saiatu ziren, baina ezin, eta 83. minutuan, korner batean, banakoa sartu zuten etxekoek. Horrela iritsi ziren partidaren amaierara, eta puntu batekin eta zapore gazi samarrarekin bueltatu ziren Arrondorenak etxera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide