Lagun Onak mendi bazkunak Azpeitia eta Gasteiz arteko ibilbidea etapaz etapa egiteko asmoa du aurten, eta hain zuzen ere, zapatuan egin zuten ibilbide horretako lehen zatia, Azpeitia eta Zumarraga artekoa. 07:00etan plazan jarri zuten hitzordura 86 lagun azaldu ziren, eta Izarraitz Birako eta Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbideeak jarraituz, 30 kilometroko eta 1.600 metroko desnibela duen ibilbidea osatu zuten horiek guztiek.
Zenbait zatitan lokatz handi samarra topatu zuten arren, ez zen aurrera jarraitzeko oztopo izan, eta bidean "egunsenti bikainaz" zein "eguraldi bikainaz" gozatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek. Ibilaldian ateratako argazki guztiak hemen daude ikusgai.
Lehen etapa eginda, beste zazpi egingo dituzte Gasteizera iristeko, eta tartean Hiru Handiak ere igoko dituzte, alegia, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako tontor garaienak: Aizkorri (1.523 metro), Anboto (1.331) eta Gorbea (1.482). Dena den, Aizkorri eta Anboto egokitu den etapetan bi tontor horiek saihestuz etapak egiteko aukera ere eskainiko die mendizaleei Lagun Onakek.
Hauek izango dira Azpeitia-Gasteiz egitasmoko hurrengo etapak:
- Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (28 kilometro).
- Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro).
- Maiatzaren 31. Arantzazu-Leintz Gatzaga (28 kilometro).
- Ekainaren 28a. Leintz Gatzaga-Otxandio (Anboto) (27 kilometro).
- Irailaren 13a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro).
- Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).