Gizonei zuzendutako desboteretze tailerra ematen ari zara Emakumeen Txokoan. Zertan datza tailerraren edukia?
Tailer honen helburua da gizonek duten boterearen eta pribilegioaren gainean kontzientzia hartzea, ondoren nola munduratzen diren edo dituzten harremanekiko eta desirekiko erabaki zehatzak har ditzaten. Egon dira eta badaude esperientzia batzuk non gizonak biltzen diren arazo zehatzago batez hitz egiteko; ez da hau kasua, eta hau ez da besteekiko epai bat ere. Gure hausnarketa zen, gizonak gizonekin elkartzen direnean errazago iristen direla beste hausnarketa batzuk egitera, lasaiago aurkitzen direla beste era bateko hausnarketak egiterakoan, baina fokua denbora osoan jarrita egon behar zela beraiek nola egiten zioten uko botereari; eta botereari uko egitea ez dela gauza abstraktu bat, botereari uko egitea dela egunerokotasuneko desiretan eta harremanetan erabakiak hartzea.
Aurreko ikasturtean egin zen lehendabiziko tailerra. Saio haien jarraipena al dira oraingoak ala zerotik hasi zarete berriro?
Aurreko ikasturtekoa esperientzia oinarrizkoagoa izan zen, hasierako kokapen teorikoa zein hausnarketak egiteko. Ikusi genuenez oso ondo funtzionatu zuela, han parte hartu zutenen interesetatik-edo abiatuta, ikasturte honetan udalak eta Emakumeen Txokoak antolatu dituzte beste hiru saio. Lehenengoa kontzeptu edo oinarri teorikoez hitz egiteko izan zen; hitz eta eztabaida konkretuen inguruan, terminologiei buruz, zeuden zalantzen gainean. Bigarren saioa gizonek feminismoarekiko duten arduraren ingurukoa izan da, nola posizionatu behar diren feminismoarekiko. Hirugarren saioa maiatzean egingo dugu, eta desira, heteroaraua eta erotika izango dira ardatzak.
Zenbat lagun ari dira parte hartzen saioetan? Zer moduzko harrera izan dute tailerrok orain artekoan?
Hamabost-hogei lagun elkartu izan dira orain artekoetan. Tailerrak izan duen harreraren balorazio oso positiboa egiten dugu. Gainera, saioek aurrera egin ahala hamabost-hogei pertsonako kopuru hori mantentzea asko da. Antzeko tamainako herrietan izan ditugun beste esperientzia batzuekin alderatuta, parte hartzaile kopuruari, inplikazioari zein konpromisoari dagokionez, oso ondo dago Azpeitikoa. Egia da borondatezko zerbait dela, datozenen profilek ere lotura, jakintza edo adostasun ideologiko handiagoa daukate desboteretzearekiko, eta horrek asko laguntzen du dinamika aurrera eramaten.
Zein dira gizonek mahaigaineratzen dituzten kezka edo hausnarketa nagusiak?
"Desikasten ikasi" esaldia asko zabaldu da eta niri arriskutsua iruditzen zait, ematen duelako desikaste prozesuari indarra kentzen zaiola. Nola desikasten da? Airean gelditzen da. Desikasten ikasi, baina zer da desikastea? Nork egiten du? Nork du horretarako ardura, nork sarbidea? Esaldi hori ardura kentze batetik datorrela dirudi, nolabait. Gizonek feminismoarekiko edo indarkeria matxistarekiko duten ardura botere, pribilegio eta indarkeriarekiko daukaten ardura dela aipatu beharra dago. Bestela, beti pentsatzen dute nola posizionatu behar diren beraiek mugimendu feministarekiko, eta kontua ez da horrenbeste nola posizionatu behar diren mugimendu feministarekiko, hori ere garrantzitsua izan arren; lehenik eta behin, erabakiak hartu behar dituzte beren egunerokotasuneko harreman intimo eta lotesleenei dagokienean. Normalean, heterosexualak edo heteroarautuak diren heinean, gizon gisa emakumeekin ezartzen dituzten harremanek botere desoreka bat eragiten dute edo roletan, edo ekonomikoki, edo denboraren inbertsioan, edo zaintzan. Horrekiko benetako ardura da beraiek eduki behar dutena, eta uste dut hori dela zirrara gehien eragiten diena: gai honekiko galduta nago bat-batean, eta gai honekiko egin behar dudana da nire inguru hurbilenarekiko erabaki oso konkretuak hartu.
Teoriaren eremutik ekintza zehatzetara igarotzeak eman dezakeen bertigoaz ari al zara?
Bai, erabaki oso zehatzak hartu behar dituztelako dituzten harreman intimoenekiko, gauza batzuk egiten hasteko eta beste batzuk egiteari uzteko.
Zergatik jorratu behar dute gizonek desboteretzea?
Boterea ez da berez txarra, baina gizonek duten boteretik ezartzen dituzten harremanek indarkeria sortzen dute. Boterea ez da txarra, boterea existitzen da eta egon behar da, baina nahi dugu botere hori mugitzea botere feminista batera edo beste botere zaurgarriago batzuetara. Eta botere hori batetik bestera pasatu ahal izateko, beste batzuek uko egin behar diote daukaten botereari.
Zer esango zenioke egiten ari zareten saioetara joateko zalantzetan dabilenari?
Esango nuke gerta daitekeela jendea gai honekiko eszeptiko hurbiltzea, pentsatuz oso termino abstraktuetan hitz egingo dugula, eta gero konturatzea ezetz, egunerokotasunarekin eta praktika oso zehatzekin lotutako gaietaz hitz egiten dugula. Azpeitikoak beste ibilbide bat izan duelako, baina normalean gutxienez lau orduko lanketa egin ohi dut talde bakoitzarekin; hasieran beti datoz lau ordu asko dela pentsatuta, baina benetan uste dut hasierako erreparoak, nagiak eta beldurrak gainditu egiten dituztela kasu gehienetan.
Gehiagoren gosez gelditzen direla esango al zenuke?
Ba bai. Uste dut oso gauza errealetaz hitz egiten dela saioetan, eta horrek eragiten duela jendea gustura egotea eta zintzoa izatea.
Parekidetasunaren arloko lorpenen aurkako erreakzio bortitza hedatzen ari da gizartean. Nola egin behar zaio aurre horri?
Erreakzio horri aurre egin behar zaio, batetik, mugimendu feminista indartsu bat hauspotuz, baina baita muga batzuk ezarriz eta inpunitate sentsazioa moztuz ere. Uste dut garaia dela gizonek feminismoaren izenean ardura hartzeko, beste gizon batzuekiko aliantzak etenez, gauza batzuk argi eta garbi adieraziz, eta agente feministagoak izanez. Ardura har dezatela ez mugimendu feministarekiko, baizik eta gizon matxistagoekiko; izan daitezela boterea gorpuzten dutenak, botere matxista moztuko dutenak eta horrekiko konpromisoa hartuko dutenak. Horrez gain, jakina, joera erreakzionarioari aurre egiteko politika publiko kualitatiboki feministagoak behar ditugu, horiek gauzatzeko diru inbertsioak behar dira, eta erabaki politikoa da inbertitzea ala ez.