Berrurbanizatze lanen bigarren fasea martxan da Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 18a, 14:50

Kaletxiki eta Kaleaundi arteko eremuan hasi dira lanean, Sinberguentzako zubiaren ondoan. (Mailo Oiarzabal)

Atzo hasi zituzten Sinberguentzako zubiaren bueltako eremua berritzeko lanak. Aurreikuspenak betetzen badira, hiru hilabetetan osatuko dute bigarren fasea.

Lur azpiko azpiegiturak zein azaleko zorua berritzeko lanak itzuli dira Urrestillara. Abenduan Kaletxikikoak bukatu ondoren, atzotik martxan da berrurbanizatze lanen bigarren fasea. 200.000 euroko aurrekontua dute orain hasi diren lanek.

Oraingoan, Sinberguentzako zubia eta horren bueltako eremua berrituko dituzte: Kaletxiki eta Kaleaundi arteko gunean hasi dituzte lanak, baina plaza barrenari eta plaza txiki izenarekin ezagutzen den guneari ere eragingo diete obrek.

Lanak egin ahal izateko, trafikoan zein autobusen geralekuan aldaketak ezarri dituzte. Autobusak Sinberguentzako zubi gaineko ohiko geralekuak ezeztatuta geldituko dira lanek dirauten bitartean –hiru hilabete, Azpeitiko Udalaren aurreikuspenak betetzen badira–, eta autobusa hartu behar dutenek Kalebarreneko aparkalekura joan beharko dute. Bestetik, Aratzerrekarako errepidea zein Zerralde kalera joan nahi duten ibilgailuek Kaleaunditik sartu behar dute orain derrigorrean, Kalebarrena moztuta baitago ibilgailuentzat plaza barrenaren parean; era berean, Kaletxiki ere ibilgailuentzat moztuta dago 3. zenbakiaren parean.

Bidea moztuta dago Kalebarrenean, plaza barrenean. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide