Inauteriak 2025

Hemen dira karnabalak, festa gosea asetzeko gogoz

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 18a, 18:30

Nagore Alkorta, Miren Arrieta eta Mikel Odriozola, karnabaletarako girotuta, festen aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

Asteburuan kaldereroekin eta inauterietako kontzertuarekin motorrak berotuta, otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitartean izango dira aurten neguko azken festa handiak. Elegante arratsaldeko Astindu armayuek festa, Astelehen Karnabal gaueko plazako geldialdia eta mozorro lehiaketaren sari berriak izango dira aurtengo berrikuntzak.

"Larunbat honetatik hasi eta Astearte Karnabalean suzko zezena amaitzen den arte, aspertzeko denbora gutxi izango dugu Azpeitian". Horrela adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, Nagore Alkorta alkatearekin eta Miren Arrieta Parekietasun zinegotziarekin batera 2025eko Karnabal festak aurkezterakoan. Izan ere, hemen dira aurtengo karnabalak, azpeitiar askoren jai kutunenak. Asteburu honetan kaldereroekin –zapatuan, 19:00etan– eta inauterietako kontzertuarekin –igandean, 12:30ean, Sanagustin kulturgunean– motorrak berotuta, otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitartean izango dira aurten neguko azken festa handiak.

Karnabalen barruan, "egun bakoitzak xarma berezia" duela esan du Alkortak. "Festa berberaren parte izan arren, elkarrengandik oso ezberdinak dira Astelehen Karnabala, Elegante Eguna, kaldereroak edo euskal inauterietako jaialdia. Bakoitzak du bere ukituta, eta nik uste horrek egiten dituela hain eder festa hauek". Astelehen Karnabalak "azken urteetan hartu duen indarra" azpimarratu du alkateak, karnabalen ezaugarriak goraipatu ditu –"alaitasuna, umore ona, kolorea, musika..."–, eta osagai horietaz guztietaz gozatzera gonbidatu nahi izan ditu herritarrak: "Ea denok ere ondo pasatzeko jarrera horrekin ateratzen garen kalera, eta giro eder bat sortzen dugun". Bide batez, "herritarrek jaiez gozatu ahal izateko" lan egin eta parte hartzen duten talde, eragile eta norbanako guztien ahalegina eskertu du Alkortak.

Berrikuntza batzuk

Ohiko osagaiak eta egitaraua izango dituzte aurten ere Azpeitiko karnabalek, baina baita berrikuntza batzuk ere.

Odriozolak aletu ditu horiek, "adin eta gustu guztietako herritarrengana iritsi ahal izateko ahalik eta eskaintzarik zabalena prestatzen saiatu" direla nabarmendu ondoren. Berrikuntzen artean dago, esaterako, Elegante arratsaldean La Fulana DJarekin eta Astindu armayuek leloarekin Azoka Plazan egingo den festa. Udalak bultzatuta egin den "LGTBI diagnostikoan aipatu den beharretako bat" izan da Elegante Eguneko hori, Festa batzordeburuak adierazi duenez: "Azken hilabeteotan LGTBI topalekuan bildu diren dozenaka herritarrekin elkarlanean antolatutako gunea izango da, eta, Azoka Plaza dantzaleku bilakatzeaz gain, festetan LGTBI errealitateen presentzia ikusaraztea izango du helburu".

Astelehen Karnabalean, berriz, 22:00etatik 23:00etara bitartean eten egingo dute plazako musika, helduen mozorro lehiaketan parte hartu nahi dutenei prestatu dutena herritarren aurrean erakusteko aukera errazteko asmoarekin. Mozorro lehiaketarekin jarraituta, "zertxobait handiagoak" izango dira aurten taldekako sariak: 900 euro jasoko ditu talde irabazleak, 750 euro bigarrenak, 550 hirugarrenak, eta 350 laugarrenak. Banakakoetan, berriz, hiru sari banatuko dituzte: 200 eurokoa irabazlearentzat, 150 eurokoa bigarrenarentzat, eta ehun eurokoa hirugarrenarentzat.

Indarkeria matxistarik gabe

Iaz karnabalak erdizka ospatu ahal izan zituzten azpeitiarrek, Elegante Egunez gizon batek emakume bat bortxatu ondoren egitaraua bertan behera gelditu zelako, eta hori ez dute ahazteko ez udal ordezkariek, ezta herritarrek ere. Orduan bezala, eta herrian ospatzen diren festa nagusi guztietan bezala, puntu morea jarriko dute Plaza Txikian. Elegante Egunean,12:30etik 15:30era eta 20:00etatik 00:00etara; eta Astelehen Karnabalean 12:00etatik 15:00etara eta 22:00etatik 03:00etara egongo da martxan indarkeria matxistarik gabeko gune hori. Herritar guztiak indarkeria matxistaz kontzientziatzea da gune horren helburua, informazioa zein laguntza eskainiz. "Bertan bi formatzaile egongo dira emakumeek, LGTBI+ pertsonek eta bereziki gazteek jaietan indarkeria matxistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzeko, baita babesa zein elkartasuna adierazteko ere. Indarkeriari aurre egiteko bitartekoak zein gidak ere eskainiko dituzte", azaldu du udalak.

Danak eo inorrez. Danona da festie. Danona da ardurie kanpainak ere ez du hutsik egingo, karnabalen bueltan ere "lanketa zehatza" egin baitu udalak Emakumeen Mahaiarekin elkarlanean. "Oro har festa guztietan, baina karnabaletan bereziki, denak balio du jarrera ohikoa izaten da; maskaren eta mozorroen atzean ideia hori indartu egiten da, eta barneratuta ditugun genero rolak eta arauak esplizitatu egiten dira", esan du Arrietak. Hain zuzen ere, festa horietan gizonek emakumez mozorrotzeko izaten duten joerarekin eta moduarekin jolas eginez aukeratu dituzte kanpainaren barruan kaleetan zabalduko dituzten bi leloak: Karnabalak pasautekuene jolastu leikek hire feminitatiekin eta Karnabalak pasautakuen zeba molestatzeik beste gizonon feminitatiek?. "Badirudi, feminitatearekin jolastea libre dela inauterietan; aldiz, gainontzeko egunetan euren feminitatea adierazten duten gizonak erabat epaituak izaten dira", gogoeta egin du Parekidetasun batzordeburuak.

Egitaraua

Hona hemen, 2025eko Azpeitiko karnabalen egitarau osoa:

Otsailak 22, zapatua

  • 19:00. Kaldereroen konpartsaren kalejira, San Martin egoitzaren aurretik irtenda.

Otsailak 23, igandea

  • 12.30. Inauterietako kontzertua emango dute Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Banda Gazteak eta Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak. Sanagustin kulturgunean.

Otsailak 28, Ostiral Mehe

  • 18:00. Euskal Inauterien jaialdia, San Martin egoitza paretik irtenda.
  • 22:30. Udal Musika Bandarekin guatekea, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 2, Jai Karnabala. Elegante Eguna

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
  • 11:00. Udal Musika Banda, Banda Gaztea eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen diana.
  • 11:15. Arrasateko gaiteroen diana.
  • 11:30. Incansables txaranga.
  • 11.45. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak zezenaren irteera girotuko dute, Plaza Txikian.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Bergarako Zezenak.
  • 12:00. XLV. Sokamuturra argazki lehiaketa Imanol Elias saria.
  • 12:30. Eleganteen pasiera eta Itsasi taldeko artzain-inudeen kalejira, eta Juan Antxieta musika eskolako txistularien kalejira.
  • 12:30. Incansables txaranga.
  • 16:00. Astindu armayuek DJ La Fulanarekin, Azoka Plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute, Plaza Txikian.
  • 16:30-20:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako Zezenak.
  • 19:30. Gauerdi txaranga.
  • 19:30. Obaneuke taldearekin erromeria, plazan.
  • 20:00. Skapaie elektrotxaranga.

Martxoak 3, Astelehen Karnabala

  • 12:00. Banda Gaztearen eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 12:30. Haur mozorrotuen desfilea, herriko erraldoiekin eta buruhandiekin. Bukaeran, Txiki Fest ikuskizuna eta gozokiak, plazan.
  • 16:00-20:00. Jolas parkea, Izarraitz pilotalekuan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute.
  • 16:30-20:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.
  • 18:30. Deiadar txaranga.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 20:00. Mozorro lehiaketaren hasiera.
  • 20:00. Itsasi taldeko ttuntturroak.
  • 20:00-22:00. Davila eta Oihan Vega DJak eta mozorroak erakusteko geldiunea, plazan.
  • 23:30. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan. Ondoren, DJak, 00:30 arte.

Martxoak 4, Astearte Karnabala

  • 00:30. Los Pasai txaranga.
  • 05:00. Baratxuri zopa jana, Azoka Plazan.
  • 06:15. Udal Musika Bandaren goiz eresia.
  • 06:45. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute, Plaza Txikian.
  • 07:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako Zezenak.
  • 12:00. Banda Gaztearen kalejira.
  • 16:00-20.00. Jolas parkea, Izarraitz pilotalekuan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta Banda Gazteak zezenaren irteera girotuko dute, Plaza Txikian.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.
  • 18:00. Irulitxa txaranga.
  • 20:00. Suzko zezena, Irulitxa txarangak girotuta, plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide