Domusa Teknik 40 MLK probaren ibilbidea ezagutzeko entrenamendua egingo dute martxoaren 1ean

Julene Frantzesena 2025ko ots. 20a, 08:00

Iazko entrenamendu saio bateko irudia. (Alberto Beloki)

Probaren lehen zatia egingo dute partaideek, Azpeitia eta Mandubia artean. 07:45erako jarri dute hitzordua, plazan. Dagoeneko zabaldu dute entrenamendurako izena emateko epea. Bigarren zatia ezagutzeko saioa martxoaren 22an egingo dute.

Domusa Teknik 40 MLK probaren atarian, ibilbidea ezagutzeko bi entrenamendu saio antolatu dituzte. Lehen saioa martxoaren 1ean, larunbatez, egingo dute, Azpeitia eta Mandubia artean. Parte hartzaileek 34 kilometroko ibilbidea egingo dute, hau da, probaren erdia. 07:45erako jarri dute hitzordua, plazan.

Dagoeneko zabaldu dute entrenamendurako izena emateko epea; honako lotura honetan dago horretarako aukera. Bost euro ordaindu beharko dute kirolariek parte hartzeko, eta autobus zerbitzua nahiz pintxo eta edari bana eskuratuko dute trukean. Ordainketa autobusean egin beharko da. Gainera, entrenamendua bukatzean, nahi duenak dutxatzeko aukera izango du igerilekuan.

Probaren bigarren zatia ezagutzeko entrenamendu saioa martxoaren 22an egingo dute. Egun horretan Mandubitik Azpeitira arteko lasterketa zatia gauzatuko dute kirolariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide