Adinberri-Hariak laguntzen deialdiko onuradunen artean dago Azpeitia

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 20a, 08:30

Leire Goenaga (goian, ezkerretik hasita laugarrena), beste onuradunekin eta laguntzen sustatzaileekin. (GFA)

Nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko hamabi proiektuk jasoko dute aldundiak Adinberri fundazioaren bidez bultzatutako laguntza. Azpeitiko Udalak eta Denontzat elkarteak Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitik proiektua garatzeko laguntza jasoko dute.

Nahi ez diren edo gogoz kontrako bakardadeei aurre egiteko Adinberri-Hariak laguntzen azken deialdiaren onuradunak eta laguntza jasoko duten proiektuak aurkeztu zituzten atzo Donostian. Gipuzkoako hamabi proiektu lagunduko ditu aldundiak, Adinberri fundazioaren bidez eta Hariak estrategiaren barruan, eta horien artean dago Azpeitiak deialdira aurkeztutakoa. Denera 800.000 euro bideratu dituzte laguntza deialdi horretara; diru laguntzaz gain, Hariak Hub-en laguntza teknikoa jasoko dute laguntzen onuradunek.

Hiru ildo aurreikusten dituzte Adinberri-Hariak deialdiaren onuradunek: esplorazioa, esperimentazioa eta bultzada. Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitik da Azpeitiko Udalak eta Denontzat elkarteak Adinberri-Hariak deialdiaren laguntzarekin garatuko duten proiektuaren izena, eta esplorazio ildokoen artean kokatu dute Azpeitiko egitasmoa.

Adinberri-Hariak laguntzak jasoko dituzten hamabi proiektuak aurkezteko aukera izan zuten atzo onuradunek, eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak aurkeztu zuen Azpeitikoa.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide