Astelehenean, hilaren 24an, zabalduko dute hirugarren hiruhilekoko igeriketa ikastaroetan aritu ahal izateko izen-emate epea. Martxoaren 24an hasiko da hirugarren hiruhilekoa, eta ekainaren 20ra arte luzatuko da.
Udalak jakinarazi duenez, bigarren hiruhilekoko ikastaroan parte hartu dutenek lehentasuna izango dute izena ematerakoan, eta horiek igerilekuko harreran adierazi beharko dute ikastaroan jarraitu nahi duten ala ez; uztea nahi dutenek, baja orria bete beharko dute, gainera. Izen emate berrietarako, berriz, harreran jaso beharko dira izen-emate orriak eta leku berea entregatu beteta.
Izena emandako herritarren kopurua eskaintzen diren plaza kopurua baino handiagoa bada, udalak azaldu du plazak zozketa bidez esleituko dituztela. Gainera, talde berriak adinaren eta mailaren arabera antolatuko dituzte, eta kontuan hartuko dituzte bigarren hiruhilekoko ikastaroetako balorazio fitxak.
Haurtxoentzako saioak
7 hilabetetik 2 urtera bitarteko haurrek ere izango dute igeriketan trebatzeko aukera; izan ere, hirugarren hiruhilekoan horiei zuzendutako igeriketa ikastaroa ere eskainiko dute igerilekuan. Txikienentzako ikastaroa martxoaren 15etik ekainaren 21era bitartean emango dute, larunbatero. Ordea, guztira, hamabi saio eskainiko dituzte; izan ere, erakundeak azaldu du apirilaren 19an eta 26an ez dutela saiorik eskainiko.
Haurtxo txikien ikastarorako izen-ematea egiteko, helduenean bezala, izen-emate orriak igerilekuko harreran hartu eta entregatu beharko dira. Eskaintzaren inguruko zalantzak dituztenek edota informazio gehiago nahi dutenek igerilekuko harrerara joan beharko dute edo 943-81 41 21 telefonora deitu.